Idoia ERASO

Haurren eskutik helduko da pastorala Bidartera

Bidarteko eskola publikoko ikasleek beren herriaren historia kontatzen duen pastorala eskainiko dute ekainaren 15ean. “Bidartean pastorala” deituriko ikusgarriak, besteak beste, euskararen erabilpena sustatzeko helburua du.

Bidarteko eskola publikoko 131 haurrek sortu dute pastorala. Guillaume FAUVEAU
Bidarteko eskola publikoko 131 haurrek sortu dute pastorala. Guillaume FAUVEAU

Lapurdi kostaldeko herri txikia da Bidarte, baina pastoralaren izenburuak dioen bezala bideen artean egon da historian zehar. Horren berri emanen dute Jean Jaccachoury eskola publikoko 131 ikasleek bost jaikialditan, beste hainbeste garai historikori buruz, Naiz atariak azaldu duenez.

Haurrek idatzitako obra pastoral tradizionalaren formatuan taularatzeko Iparraldeko Dantzarien Biltzarreko Johañe Etchebesterekin egin dute lan; bertsetak, jaikialdiak, jestu erritualak, hiru koloretako ateak, kantuak eta dantzak izanen dira Xiberoako herrietan bezala. Arizaleen adinari egokitzeko hainbat ezaugarri moldatuko dira, hala ere, hiru orduko iraupena beharrean ordu eta laurdenekoa izanen da, bost jaikialditan.

Hezkuntza elebiduna

Euskaraz eta frantsesez ikasten duten haurrek egina da obra. Bidarte herrian, non ez euskara, ezta euskal kultura ez diren oso presente eguneroko bizitzan, antzezlan honek esanahi berezia badu. Pastoralean parte hartuko duten 131 haurretatik batek ere ez du euskara etxetik ekarri, eta horrelako proiektu bat sortzeak euskalduntze prozesuan laguntzen duelako ideiarekin abiatu dira irakasleak.

Gaurko entsegu nagusian arizaleetaz gain ikusle bereziak ere badira, eskola berean frantses hutsez ikasten duten haurrak eta hurbil dagoen ikastolakoak ere gonbidatuak izan dira. Emanaldi honen bitartez elkarren ondoan egonik, hain ezberdinak diren mundu euskalduna eta frantsesduna elkartu dira.

Pastoralean aritzeak ikasleen artean euskal kulturarekiko interesa eta dinamika sortu duela azaldu du Patxi Thicoipe irakasleak: «Familietan ez da horrelakorik, baina orain present da haurren jokoetan, eta batzuk hasi dira esaten euskal dantza ikasi nahi dutela. Elebakarrean ari diren ikasle batzuk ere sartu dira, eta gogoa piztu zaie».

Bidarteko historia

Ikasle handienek idatzi dituzte hitzak, eta horretarako urrats ezbedinak eman dituzte. Lehena Roberto Raspiengeas gidariarekin hasi zen. Honek egindako kontakizun sutsutik abiatuta herriko historia hizpide hartu eta bost zatitan banatzea erabaki zuten.

Ibilbide historikoa Donejakue bidearekin abiatzen da, kostako bidea edo Ingelesena izenarekin ezagutua dena bertatik pasatzen baita. Garai horretatik etortzen zaio herriari izena, erromesak bide artean ibiltzen omen zirelako hegoalderuntz.

Bigarren jaikialdian luzaz bidartarren lana eta bizimodua izan den balearen ehiza izanen dute aipagai. Elizan dagoen hilarri batean arpoi bat agertzen da, hortik abiatu ziren gaztetxoak gidoia idazteko.

Hirugarrenean, behartutako ezkontzen gaia aipatuko da. Baserrietan emakumea edo gizona izanik premuak etxearen gidaritza hartuta, horrek ezkontzera eraman zezakeela agerraraziko dute.

Laugarren zatian euskal gudariak agertuko dira. Gaur egun oso ezaguna den La Roseraie gunea 1936-1939 urteen artean ospital militarra izan zen, non soldadu anitz artatuak izan ziren. Raspiengeasekin egin zuten ibilbidean, hilerrian hamar gudarirenak ziren beste hainbeste hilobi aurkitu zituzten, gertatutakoaren testigu.

Azken jaikialdian egungo errealitatea agertuko da, surfa, turistak, kanpinak… Horri loturik herriko armarria erakutsiko da, non ibilbide historikoa agertzen den, arpoi bat, belaontzi bat eta Koskenia itsasargia ageri diren «Bidartean zuzena onena» hitzak lagunduz.

Historia eta arizaleen hitzak jarraitu ahal izateko, Zuberoako pastoralean bezala, liburuxka salgai izanen da sarreran.

Dantzak eta kantuak

Pastoral tradizionaletan bezala kantuek eta dantzek toki garrantzitsua dute. Jaikialdi bakoitza abesti batekin bukatuko da. Musika lantzen bi irakasle aritu dira ikasleekin, Xabi Biscay eta Marie-Pierre Garmendia.

Dantzan denek parte hartu ahal izateko obra sinpleak hautatu dituzte. Ez dira zuberotar dantzak izanen, kostaldekoak baizik, ‘Mateloten dantza’ esaterako, bestela ‘Zazpi jauziak’ ere eginen dituzte haur eta gaztetxoek. ‘Flash movie’ modukoa ere izanen dela azaldu du Thicoipek: «Gaur egungo dantza mota, horrela beraien estiloa ere sartzeko.