Ekonomia eraldatzailearen Euskal Herriko lehen topaketak Hendaian

Ekainaren 21ean enplegu iraunkorra sortzeko ekonomia eraldatzailearen ekarpena aztertzeaz gain, mugaz gaindiko harremanak eta jarduerak landuko dituzte. Lurralde osoko eragile ezberdinek Hendaian deituriko lehen topaketa hauek nahi duen ororentzat idekiak dira.

Kazeta|2019/06/12 14:04
Guz_olatu_koop_bobedme101
Topaketen antolatzaileek ekonomia eraldatzailean mugaz gaindiko harremanak azkartu nahi dituzte.© Bob EDME

Zeintzuk dira Bidasoaren bi aldeetan enplegurako oztopoak? Zeintzuk dira mugikortasunerako zailtasunak eta horri buru egiteko aterabideak? Galdera hauei eta beste batzuei erantzuna bilatzen entseatuko dira ekainaren 21ean Hendaian ekonomia eraldatzaileaz eginen den Euskal Herriko I. Topaketan.

Lankidetzan ari diren lau erakundek Hendaiako Herriko Etxean aurkeztu zuten jardunaldia: Hendaiako Herriko Etxeko enplegu zentroa, Olatukoop ekonomia sozial eta eraldatzailerako sarea, Andere Nahia elkartea eta Atelier Lan Berri kooperatiba. Poctefa funts europarrak diruztaturiko Translanekin proiektuan biltzen dira. 

“Urtero saretzeko egun bat antolatzen dugu, baina aurten esparrua zabaldu nahi izan dugu bilkura hau Ipar Euskal Herrian antolatuz”, erran zuen Beñat Irasuegi Olatukoop-eko kideak. Bere iritziz, “jauzi kualitatibo bat da. Ekonomiak lurraldearen errealitatea eraldatu dezake”.

“Ekonomia eraldatzaileak jendartea eraldatzailea bilatzen du, ekonomia herritarren eta lurraldearen zerbitzura jarriz, eta ez kapitalaren eta irabazien ikuspegian kokatuz”, adierazi zuen Iker Elizalde Hendaiako enplegu, ekonomia eta gizarte nahiz elkartasunerako axuantak.

Ekainaren 21eko egitaraua

Mugaz gaindiko lehen topaketak Hendaiako Autoportuko gelan izanen dira. Sartzea urririk da eta 9:30ean eginen da harrera. 10:30ean Gaindegia Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategiak bildutako datuak eta egindako azterketak presentatuko dira. Segidan, mugaz gaindiko Translanekin Poctefa proiektuaren berri emanen dute.

Behin aurkezpenak eginik, 11:45ean mahai inguruan bilduko dira parte hartzaileak, hiru gai nagusi harturik: lankidetza teknologikorako sareak, elikadura zirkuitu laburrak eta ekonomiaren ikuspegi batetik, arazo mediku eta soziala. Eztabaidak hor bukatuko dira, baina elkartrukatzeak ez du etenik izanen, tokiko produktuekin osaturiko bazkaria iraganen baita.