Kazeta

Udako euskal unibertsitatea heldu da berriz aurten

Baionako Bernat Etxepare lizeoan zazpi hitzordu antolatuak dira, uztailaren lehenetik hirura. Izena emateko epea zabalik da, ekaina bukaera arte.

UEUko Irati Iciar eta Kepa Sarasolak aurkeztu zuten Baionako egitaraua Kalostrape ostatuan. © UEU
UEUko Irati Iciar eta Kepa Sarasolak aurkeztu zuten Baionako egitaraua Kalostrape ostatuan. © UEU

Azken bi urteetan bezala, Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) Bernat Etxepare lizeoan izanen da. Aurten, zazpi hitzordu antolatu ditu Baionan, "auzolanean", jakintza partekatzeko gisan. Uztailaren lehenetik hirura iraganen dira, eta izena emateko epea zabalik da ekaina bukaera arte.

Honakoak dira, besteak beste, landuko dituzten gaiak: sormena ipuin laburrak idazteko, antzerki fisikoa, W. Von Humboldten lana, informatika, edo euskara gaitasunari buruzko lanketa. Egitarau osoa, unibertsitatearen webgunean aurki daiteke. Ikastaro espezializatuentzat, aitzinetik jakintza maila bat beharrezkoa izanen da, baina ez dibulgaziozkoentzat.