Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Surfa: Margaret River Pro 2019ean Florence eta Peterson garaile

Lakey Peterson estatubatuarra eta John John Florence hawaiiarra gailendu ziren CT itzuliko laugarren surf proban. Sailkapenean ez da aldaketa handirik.

Florence eta Peterson txapelketaren ondotik, beren garaikurrekin. @seasailsurf
Florence eta Peterson txapelketaren ondotik, beren garaikurrekin. @seasailsurf

Pasa den astean amaitu zen nesken zein mutilen lehen mailako itzuliko laugarren txapelketa. Margaret River Pro lehiaketa arrakastatsua izan zen beste behin ere. Itzelezko olatuak izan ziren eta lehiakideek sekulako ikuskizuna eskaini zuten.

Lakey Peterson estatubatuarrak txapela irabazi zuen, eta horrela, aurtengo lehen emaitza esanguratsua lortu zuen; izan ere, puntako lehiakidea izan arren, orain artean ez du emaitza onik lortu.

Mutilen kategorian, ostera, John John Florence gailendu zen. Iazko urtea lesio baten ondorioz galdu ostean, aurtengoan itzelezko indarrarekin itzuli da hawaiiarra, eta 2019ko WSL titulu mundiala irabazteko hautagai nagusietako bat da, zalantzarik gabe.

Aldaketarik ez WCT rankingean

Lakey Peterson estatubatuarra eta Tatiana Weston-Web brasildarra izan ziren buruz buru Margaret Rivereko finalean. Bi lehiakideak nahiko postu apalean zeuden WCT itzuliko laugarren txapelketa aitzin; beraz, postu batzuk igotzea lortu duten arren, azken emaitzek ez dute eragin handirik izan WCT rankingeko lehen postuetan. Hots, aldaketarik izan den arren, lehen bost postuetan zeuden lehiakideak txapelketa aitzin zeuden berberak dira.

Stefanie Gilmore australiarrak jarraitzen du rankingeko buru, eta bigarren postuan ere Caroline Marks estatubatuarrak jarraitzen du. Orain artean hirugarren postuan zen Courtney Conloguek bi postu egin ditu behera, eta bere lekua Carissa Moore hawaiiarrak hartu du. Laugarren postuan, berriz, Sally Fitzgibbons australiarra aurkitzen da. Ondorioz, ez da aldaketa nabarmenik izan lehen bost postuetan.

Nesken rankingeko postu apalagoetan, ordea, aldaketak izan dira, eta aldaketa esanguratsuagoak izan daitezkeela ere argi geratu zen azken txapelketan. Oraindik beste sei lehiaketa falta dira; hortaz, gauzak goitik behera alda daitezke, postu apaletan zeuden lehiakide batzuek munduko titulua eskuratzeko maila dutela erakutsi baitzuten.

Horixe izan zen Lakey Peterson eta Tatiana Weston-Webb lehiakideen kasua. Finalera iristeko punta-puntako surflariak kaleratu zituzten, eta aurrerantzean kontuan hartzeko arerioak direla frogatu zuten.

Biek erakutsi zuten maila altua. Baldintza desberdinetan egin ziren txandetan haien surfa egokitu eta puntu asko biltzeko gai izan ziren. Finalean ere, bide beretik jarraitu zuten, eta lehia gogorra izan zen.

Bi metrotik gorako eskuin olatuetan aritu ziren “Main Break” urautsian. Olatu zaila da, uhinak ur asko mugitzen baitu, eta ondorioz, akats txikienak ere desoreka sortzen du. Hala ere, bira borobilak egiteko gai izan ziren bi lehiakideak olatu zailetan eta ikuskizun ederra eskaini zuten. Brasildarrak olatu bat zuen, baina bigarren olatu on bat behar zuen, eta lortu ez zuenez, Petersonek eskuratu zuen Margaret Rivereko txapela.

Florence, "On fire!"

"Sutan" dago John John Florence, eta badirudi, gainera, hawaiiarraren arerio nagusiak une zailak pasatzen ari direla. Gabriel Medina edo Filipe Toledo bezalako lehiakide esanguratsuek ez dute emaitza onik lortu azken lehiaketetan, eta horrek Florenceri bidea erraztu dio. Oraindik bide luzea geratzen da, ordea, eta edozer gerta daiteke urtea amaitu aitzin.

Rankingean behera egin dute brasildar guztiek, eta urte hasieran lehen postuetan zeuden lehiakideak ere postu apaletan dira egun. Ekainaren 20an Brasilen hasiko den CT itzuliko bosgarren lehiaketa lagungarri izan daiteke brasildarrentzat, baina txapela irabazita ere, gehienez postu batzuk gora egitea lor dezakete surflari brasildarrek; izan ere, Florence alde handiz gailentzen da rankingean.

Epe motzera begira, soilik hirugarren postuan dagoen Italo Ferreirak eskura dezake lidergoa CT rankingean, baina horretarako Brasilen txapela irabazi beharko luke, eta aldiz, Florencek emaitza txar bat izan beharko luke. Ez dirudi hori gertatzeko aukera askorik dagoenik, baina edozer da posible CT zirkuituan.

Margaret Riveren ez ziren fin ibili brasildarrak. Finalerdietara iristea lortu zuen lehiakide brasildar bakarra Caio Ibelli izan zen, baina azken postuetan zegoen lehiakideetako bat zenez, bere emaitzak ez zuen eragin handirik izan goi postuetan.

Australia mendebaldean sekulako maila erakutsi zutenak finalean izan ziren John John Florence eta Kolohe Andino izan ziren. Erreka-haize bortitzak birak egitea asko zailtzen zuen arren, bi surflariek bikain marraztu zituzten olatu mardulak, baina Florence hobeto aritu zen.

Hawaiiarrak sekulako lorratzak atera zituen eta 18’50 puntu bildu zituen (9 + 9’5). Menderakaitza izan zen Florence Australian. Orain berdin jarraituko duen ikustea falta da.