Goizeder TABERNA

Aitortza berdina nahi duten biktimen lekukotasuna Biarritzen

Bake Bideak ostiral arratsez Biarritzen antolaturiko topaketak ETAren eta estatu indarkeriaren biktimak bildu zituen. Bakoitza bere ikuspuntutik mintzatu zen, instituzioen eta oro har jendartearen aldetik kontuan hartuak izateko beharra mahai gaineratu zutelarik.

Axun Lasak eta Iñaki Garcia Arrizabalagak haien lekukotasunak eman zituzten Biarritzen.  © Guillaume FAUVEAU
Axun Lasak eta Iñaki Garcia Arrizabalagak haien lekukotasunak eman zituzten Biarritzen. © Guillaume FAUVEAU

Komando Autonomoen ekintza armatu baten ondorioz aita galdu zuen Iñaki García Arrizabalagak uste du biktimak ez direla bereizita jarri behar, ulertuz guziak alde berean direla. Estatu indarkeriaren biktima den Axun Lasarekin batera mintzatu zen elkarbizitzaren inguruan ekainaren 7an Biarritzen Bake Bideak antolaturiko topaketan.

Axun Lasa GALek torturatu eta eraildako Joxean Lasaren arreba instituzioen aldetik aitortza garrantzitsuago baten zain da oraino. Bestalde, Espainiako telefonia konpainiaren Gipuzkoako delegatua zen Juan Manuel García Corderoren semeak egia eta justizia aldarrikatu zituen. “Ezin da bakerik izan egiarik eta justiziarik gabe. Egia jakiteko eskubidea defendatzen dut. Nork egin zuen? Nork permititu? Nire aitaren erailketa inpunitatean gelditu da”, erran zuen.

Gorrotorik ez du, baina beldur bat aitortu zuen, testuinguru politiko berrian justiziaren kontagailua zeroan jartzearen arriskua ikusten baitu. Publikoaren galdera bati erantzunez, honela argitu zuen: “kasu batean egiaren eta justiziaren aplikazioaren arteko gatazka bat sortuko balitz, egiaren aldeko hautua egin beharko dugu”. Trantsiziozko justiziaren atea erdi idekirik utzi zuen horrela, egiarako eskubidearen izenean zigor sinbolikoak onartzeko prest dela erantsiz.

Biarritzen bildutako publikoak memento ezberdinetan txaloka moztu zituen mintzalarien lekukotasunak. Bellevue gelan gatazkaren konponbidean diharduten aktore ainitz bilduak ziren: Euskal Elkargoko eta Biltzarreko lehendakariak, Biarritzeko auzapeza, Florence Lasserre salbu Frantziako Asanbladako Ipar Euskal Herriko diputatu guziak, eta Akitania Berriko Eskualdeko nahiz Pirinio Atlantikoetako departamenduko kontseilariak. Gasteizko Legebiltzarreko parlamentariak ere han ziren, tartean Pili Zabala (Ahal Dugu) GALek eraildako Joxi Zabalaren arreba. Alderdi politikoetako ordezkari andana bat ikus zitekeen, ezker abertzaleko ordezkaritza zabal batekin. Biktimekin batera, Brandon Hamber nazioarteko gatazkak eta trantsiziozko justiziaren ikerketa zentroko zuzendariak ere hitza hatu zuen.

Sufrimendua gorroto ez bilakatu

Ikertzaileak segidan eta iraunkorki landu beharreko fronte ezberdineko estrategia baten gauzapena aholkatu zuen. “Ipar Irlandan usu entzun dut mementoa ez dela trantsiziozko justiziarako egokia, jendea oraino haserre baita. Baina horrela pentsatzen badugu, nire buruari galdetzen diot egun on bat...”, zalantzan gelditu da Brandon Hamber. Guztiz errepara ezin daitekeen zerbait erreparatzen entseatzen ari garela aitortu zuen, baina erran zuenez, “hala egiten entseatzen ari gara” eta horri eman zion garrantzia.

Axun Lasa biktimaren lekuan jarri behar izan da behin baino gehiagotan. Bera ere torturatu zuen Espainiako eta anaia galdu zuen GALek bahitu, torturatu eta erail ondotik. Gorpua 12 urte berantago izan zen aurkitua eta dolua agertzeko egin ziren ekitaldi ezberdinetan poliziaren indarkeria izan zen nagusi, tartean Ertzaintzak Tolosako hilerrian egin zituen kargak. Gaur, instituzioen aldetik bestelako aitortza espero du, izan ere, “mina  emendatu egiten da”.

“Ez gara sentitzen dugunaren jabeak, gure sentimenduekin egin nahi dugunarena baizik”, erran zion norbaitek. Sentitzen zuen gorrotoarekin Iñaki Garcíak bere bizia galbidean jartzen ari zela ohartu zen eta berak dion bezala, “konfort eremu” horretatik ateratzea erabaki zuen, jendartearen baketzea helburu duten ekimenetan parte hartzeko eta indarkeriari “zilegitasuna” kentzeko.

Kontakizunaren borroka

Brandon Hamberrek jarraitu dituen ipar-irlandar eta hegoafrikar jendarteetan kontakizunaren borrokaren auziari aterabide bat ematea beharrezkoa izan zen. Perspektiba anitz eta ezberdinak biltzen dituen ikuspegia erantzun bat izaten ahal dela uste du. Iñaki Garcíak ideia horrekin bat egin zuen, baina bere arabera, indarkeria erabili izan zutenek autokritika bat egin eta ez zukeela gertatu behar erran beharko lukete.

Zail egiten zaio euskal preso politikoak aske gelditzean auzo-herrietan berotasunez errezibituak direla ikustea. Iraganeko indarkeriaren bermea ikusten du horietan. Axun Lasak, bere aldetik ongi etorrietan parte hartzen duela aitortu zuen, urte luzez ikusi gabe eta justiziak kasu gehienetan injustuki tratatu dituen lagunei eta maite duen jendeari harrera egiteko. Haiengatik bere anaiarengatik egitea gustatuko litzaiokeena egiten du. Baina preso ohiak publikoki babesteak oraino gai gatazkatsua izaten jarraitzen du Hego Euskal Herrian.

ETAren ekintza baten biktima batek ere hitza hartu zuen. Lehergailu baten eztandak hanka bat moztu eta begi baten ikusmena galtzera eraman zuen Alberto Muñagorri. “Gatazkaren urte hauetan guzietan isolaturik sentitu nintzen”, aitortu zuen. “Nik ere hori sentitu nuen, baina ez jendartetik, instituzioen aldetik baizik”, erran zuen Axun Lasak. Muñagorri Oreretakoa da eta biktimei begirako bilkuretan parte hartzen du. Bere arabera, “gauzak argiagoa erran behar ditugu, etorkizuna argitasunarekin begiratzeko”. Bellevuen elkarturikoen artean bederen lasaitasunez lortu zuten lekukotasunak eta iritziak elkartrukatzea.