Kazeta

Seaskak ostiraleko hitzorduaren xehetasunak eman ditu

Ikastolen federazioak ekainaren 7an Biarritzen antolatu duen danborradaren ibilbidea iragarri du. Mobilizazioa arratsaldeko 15:30ean hasiko da Hondartza Handian.

Iaz bezala, aurten ere Biarritzen milaka jende biltzea espero du Seaskak. @seaskaikastola
Iaz bezala, aurten ere Biarritzen milaka jende biltzea espero du Seaskak. @seaskaikastola

2019-2020 ikasturte sartzerako Seaskak 30 lanpostu behar ditu, baina Frantziako Hezkunde Nazionalak 5 baizik ez ditu diruztatu nahi. Egoera horretan, ikastolek beregain hartuko lukete 25 postu horiek eragiten duten 365.000 euroko ziloa. “Argi da ministerioak postuak eman arte edo postuen ordaintzeko finantzapena lortu arte borrokatuko garela”, adierazi du igorritako oharrean.

Gisa berean, ez dela soilik postu batzuen araberako afera gogorarazi du Seaskak. Gourault eta Blanquer ministroek egin adierazpenek, murgiltze eredua “suntsitzea” helburu dutelako, publikoan, pribatuan eta elkarte hezkuntzan.

Postuen aldarrikatzeko eta murgiltze sistemaren defentsan, ekainaren 7an ostiralarekin, bigarren danborrada antolatua da Biarritzen, buraso, irakasle, langile eta ikasleen aldarriak Parisen ozen entzunaraziak izan daitezen. Mobilizazioa Hondartza Handian abiatuko da, arratsaldeko 15:30ean, hiriaren erdigunea zeharkatu ondotik, Ste Eugenie plazan bukatzeko.