OIP erakundeak presoen kontrako indarkeriaz ohartarazi du

Presondegien Nazioarteko Behategiak (OIP) Frantzian kartzeletako zaindariek presoen kontra erabiltzen duten indarkeriaren inguruko ikerketa aurkeztu du ekainaren 3an.

Kazeta|2019/06/06 13:57|0 iruzkin
_oip_sectionfr
Kartzelak inpunitaterako lekua direla ohartarazi du OIP-k. @OIP_sectionfr

“Kartzeletako zaindarien indarkeria: isiltasuna apurtu” izenburupean, OIP-k Frantziar Estatuko presondegietan preso ainitzek jasan beharreko basakeria salatzen du. Erakundeak bortxazko gertaera hauekin bukatzea saihesten duen “isiltasunaren legeaz” ere ohartarazi du.

Presoen eskubideen defentsan jarduten den erakunde honek kaleratu duen txostena hiru ardatzetan egituratzen da: indarkeriarako lekuaren egoera-akta, abusu hauek existitzeko dauden mekanismoen deskripzioa eta ukatze nahiz inpunitate egoera hori bukatzeko aholkuak.

Ikerketak indarkeria hau ohiko bilakatzen dela egiten du azpimarra, eta baita gertatzen diren erasoei buruzko gardentasun ezan ere. Usu lekukorik gabe eta segurtasun kameretatik kanpo, kartzeletako zaindariek egindako bortxakeriak gehienetan zigorrik gabe gelditzen dira. Gaur da eguna non indarkeria honen inguruko datu ofizialik edo estatistikarik ez dagoen. Paradoxikoki, administrazioak kartzeletako zaindarien kontrako eraso fisikoen berri ematen du: 2018an 4.000 eraso izan omen ziren 188 presondegitan.

OIP-k urte bat behar izan du orain kaleratu duen txostenerako datuak biltzeko. Behategiak, presoek, haien senideek edo abokatuek zaindarien indarkeriari buruz egindako 200 deskribapen baino gehiago bildu zituen. Gainera, erakundeak ehun bat elkarrizketa egin ditu, gehienak anonimotasunean. Indarkeria jasan dutenek, zaindariek, abokatuek, medikuek eta kartzeletako zuzendariek ere haien lekukotasunak eman zituzten.

Orokortua den indarkeria

Ikerlan honek presondegiak indarkeriarako lekua direla erakusten du. Hala ere, OIP-k ez du zaindariek jasandako indarkeria gutxietsi nahi, ez eta salaketak orokortu ere. Indarkeria elikatzen den tentsiozko eta beldurrezko klima bat deskribatzen du, egoera hau azkartzen duten faktoreak zerrendatuz: presondegietako superpopulazioa, presoen baldintzen txartzea, kartzeletako zaindarien presakako formazioa edo langile berriak kontratatzeko zailtasunak.

Basakeria hauek preso batzuengan eragin zuzenagoa dute, erraterako, sexu delituak egin dituztenengan, baita arazo psikikoak dituztenengan edo frantsesa ez dakiten atzerritarrengan ere.

Euskal presoen kasuen artean, Mikel Albisurena da ezagutzen dugun azkena. 2018an arazo psikologikoak zituen beste preso batek eraso egin zion eta ondotik, presondegiko zaindariek ziegan egindako miaketa batean heriotza mehatxuak jaso zituen. Salaketa jarri zuen, baina auzi honen inguruko neholako berririk ez da. 2010eko hamarkadaren lehen urteetan ere Fleury-Merogisen zituzten euskal presoek zaindari batek haien kontra egindako hainbat eraso salatu zituzten.