Maite UBIRIA

Euskararen murgiltze ereduaren aldeko mobilizazio garaia

Frantziako Gobernuak euskararen murgiltze eredua zalantzan jarriz harturiko norabideak kezka bizia sortu du Ipar Euskal Herriko hezkuntza eragileen artean. Hitzetatik harago, baliabideen murrizketak hezkuntzaren kalitatean eragin handia izanen duela ohartarazi dute. Asteazken honetan elkarretaratzea egin dute sare publikoko eragileek, Donibane Lohizunen.

Murgiltze ereduaren aldeko elkarretaratzea egin dute Donibane Lohizunen. @Maite_Ubiria
Murgiltze ereduaren aldeko elkarretaratzea egin dute Donibane Lohizunen. @Maite_Ubiria

Jean-Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroaren adierazpenek hautsak harrotu dituzte, euskararen murgiltze sistemaren aldeko urteetako bidea arriskuan jartzen baitute.

Ipar Euskal Herriko hezkuntza eragileen artean gero eta ozenagoa da euskararen aldeko kontraerasoa antolatzeko beharra azpimarratzen duen mezua, eta ez da baztertzen ondoko asteotan horren aldeko ekimenen bat iragartzea.

Horren froga gisa, lehen aldiz hiru lurraldeetako irakaskuntza elebiduneko bost elkartek fronte bateratu bat osatu dute. Euskara Geroan, Ikas-Bi, Euskal Haziak, Biga Bai eta Erakasleak elkarteek gutun bateratua igorri zieten, joan zen maiatzaren 20an, Euskal Elkargoko 233 hautetsiei, euskarak bizi duen egoeraz duten kezka helaraziz eta beraien engaiamendua eskatuz.

Irakaskuntza elebiduna ere balioan jarri zuten, eredu publikoan azken urteotan eman den murgiltze ereduaren etengabeko zabalpenak "gurasoek egindako hautuari" erantzuten diola gogoratuz. Era berean, mobilizatzeko deiari jarraikiz, asteazken honetan Donibane Lohizunen Ikuskaritza akademikoak duen egoitzaren aitzinean elkarretaratzea egin dute.