Emakume presoen egoera aztergai

Emakume presoek bizi duten zigor bikoiztua salatuko du Sarek heldu den ekainaren 13an Donostian, ‘Poltsa bete kantu’ musika ekitaldiaren bidez.

Naiz|2019/06/04 14:02
Koban2018
Koban taldea arituko da Dokako jaialdian.

Ekainaren 13an, ostegunean, ‘Poltsa bete kantu’ musika ekitaldia egingo du Sarek Donostian, emakume presoek espetxeetan bizi duten zigor bikoiztua salatzeko. Ekitaldia 19.00etan hasiko da, Antigua auzoko Doka antzokian eta Koban taldeak, McOnak taldeko Irati Irizarrek, Niña Coyote eta Chico Tornado taldeko Koldo Soretek, Eraul taldeko Asier Beramendik, Iker Laurobak, Leire Letuk, Urbil Artolak, eta Liher taldeko Lide Hernandok eta Joshka Natkek parte hartuko dute.

Sarrerak Donostiako Parte Zaharreko Herria tabernan, Groseko Marruma elkartean eta Antiguako Trikuharri tabernan eros daitezke, 5 euroren truke. Internet bidez ere eros daitezke.

Sarek iazko urtarrilean egindako txostenaren arabera, 38 euskal emakume preso zeuden orduan; 12 Estatu frantseseko kartzeletan, 26 espainiar presondegietan. Hau da, %100 Euskal Herritik urrun zeuden. Zabaldutako txosten horrena rabera, batez beste 680 kilometroko distantziara betetzen dute ezarritako kondena Euskal Herriko emakume presoek.

Hamabi emakume (emakume presoen %33) espetxean bakar bakarrik zeuden, beste kiderik gabe. Beste hamar, ordea, kide bakarrarekin zeuden preso une hartan.

Euskal emakume presoek emakume izate hutsagatik pairatzen dituzten zapalkuntza anitzak salatu nahi ditu Sarek ekainaren 13ko ekitaldian. «Emakumea izatea bizitza arruntean berez zaila bada ere, are gehiago gizonentzako soilik pentsatua den eremu batean, eta muturreko egoera batean; espetxean», eman du aditzera Sarek.