Kazeta

EAEn ez da EGA azterketa gehiagorik eginen, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan bai

Ez da Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) lortzeko azterketa gehiagorik eginen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak kentzeko erabakia hartu duelako. Larunbatean egin zituzten azken probak. Aurrerantzean HABEren C1 azterketa egin beharko dute euskararen gaitasuna frogatu nahi dutenek. Aldiz, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian EGA azterketak egiten segituko dute, Naiz-ek argitaraturiko artikuluan jasotzen denez.

Gau eskoletan EGA azterketa prestatzeko klaseak ematen dira. @AEK_eus
Gau eskoletan EGA azterketa prestatzeko klaseak ematen dira. @AEK_eus

Euskararen Gaitasun Agiriak (EGA) 37 urte egin ditu eta denbora horretan hizkuntza gaitasuna frogatzen duen prestigiozko titulua bilakatu da. Haatik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan larunbatean amaitu zen bere bidea. Naiz atariak dionez, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak hartu du deliberoa, "egun indarrean dauden deialdien egituraketa berri bat ezarri" nahian.

EAEn orain arte bi bide ziren euskararen gaitasuna frogatzeko: EGA eta HABEren C1 azterketa. Orain, bigarrenari heldu beharko diote euskararen gaitasuna egiaztatzeko titulua lortu nahi dutenek. Hezkuntza Sailak "bikoizketak" ekiditeko helburua aipatu du erabakia azaltzerakoan, eta EGA eta C1a "baliokideak" direla baieztatu du, maila bera eskatzen dutela, alegia. Argitu duenez, jada EGA agiriaren jabe direnek (150.000 lagun goiti dira) ez dute beste azterketarik egin beharko.

Ekainaren 28an jakinaraziko dizkiete azken deialdi honetako emaitzak otsailean atariko frogara aurkeztu ziren 8.000 lagunei.

"Heriotza zigorra ezarri digute"

Guziek ez dute uste EGA eta C1 baliokideak direnik eta gaiaren inguruan eztabaida azkar bat piztu da. Adibidez, EGAk atariko froga jartzen du bere baitan, baina C1ak ez. EGA aztertzaileek gutun bat kaleratu zuten berriki, minduta azaltzen direlarik. Eskarne Galdos, Imanol Goienaga, Mari Eli Ituarte, Ander Lakarra, Gabino Murua, Antton Peñalba eta Iñaki Urionaguena aztertzaileek izenpetzen duten idatzian, sakon aztertzen dute gaia, eta gure herriko euskara gaitasunaren gaiari heltzen diote. Beren ustez, arazoa ez baita EGA. Azterketak "errealitatea erakutsi" baino ez du egiten.

Gisa honetan bukatzen dute gutuna: "Heriotza zigorra ezarri digute guri defendatzeko aukerarik eman gabe, baina harro gaude egindako lanaz. Eta irailetik aurrera HABEk bere gain hartzeak C1 mailaren ardura ez du ondorioztatuko bat-batean azterketarien euskara maila hobetuko denik, eta emaitzak hobetzen badira, eta badakigu hobetuko direla, erabaki politikoa baita, ez da izango azterketara aurkeztu direnen maila nabarmen hobetu delako, baizik eta HABEk nabarmen jaitsiko duelako eskakizun maila. Geroak esan beza".