Anaiz Aguirre Olhagaray

Seaskak behar dituen postuak danborra joz aldarrikatuko ditu Biarritzen

Ekainaren 7an ostiralarekin danborrada berri bat antolatu du Biarritzeko hondartza handian, iazko maiatzean Baionan egin bezala. Frantziar Estatuaren diruztatze ezaren aitzinean, ikastolen federazioak 2019ko irailean beharrezko dituen 30 postuak ziurtatzeko aurrekontuan defizita du.

2018ko maiatzeko danborradak 7.000 pertsona inguru bildu zituen Baionan.
2018ko maiatzeko danborradak 7.000 pertsona inguru bildu zituen Baionan.

G7 gailurrak iraunen duen denboratik bost minutu kenduko balira, Seaskaren lanpostuak ziurtatuko lirateke. Zer dira irakaskuntzarako 30 lanpostu, Biarritzen hiru egunez eginen den gailurrerako ordainduko diren 30 milioi euroko kopuru izugarriaren aitzinean? Hur Gorostiaga eta Paxkal Indo Seaskako zuzendariak eta presidenteak galdera hori ironiaz baina haserre puntuarekin pausatu dute. Ekainaren 7an, burasoak, irakasleak eta ikasleak mobilizazio masibo baterako deituak dira: arratsaldeko 15:30tatik landa Biarritzeko hondartza handitik abiatuko den danborrada.

Irailaren hastapenean, 200 ikasle gehiago batuko dira euskararen murgiltze eredura. Ikasle kopuruaren emendatzea urtez urte baieztatzen du datu horrek. Alta, Frantziar Estatuaren diruztatzea ez doa logika berean. “Doktrina bat” segitzen duela uste du Paxkal Indok. “Ikastolak 365.000 euroko defizita izanen duen aurrekontua bozkatzeko zorian gara, gutxi gorabehera elkartearen aurrekontu orokorraren %13”, dio Seaskako presidenteak.

Baldintza hauetan, Hezkuntza Ministerioarekin hitzarmena mantendu ahal izatea dudan jarri du Indok. “Ez dut hitzarmen baterako interesik ikusten, defizita konpondurik ez bada”. 2019an, irakasleen beharra 30 postutan aitzin ikusten da, Seaskak hauetarik 13 diruztatzen ahalko litzakeelarik. “Parisi dagokio lanpostu gehigarriak edo horiek ordaintzeko funtsak bilatzea”, adierazi du.

Murgiltze sistemaren kontra ministerioaren etengabeko erasoen aitzinean, ekainaren 7ko mobilizazio handia Biarritzen egitea pentsatu dute, Hur Gorostiagaren hitzetan, han plantan eman baitzen irakaskuntza publikoko lehen murgiltze klasea. Gisa berean, aterabideak izanen zirela promesa eginez bertan mintzatu zen Emmanuel Macron joan den maiatzaren 17an.

G7 gailurra agorrilaren 24tik 26ra eginen da Biarritzen. Hiru egunez 30 milioi euro xahutuko dira. “Jendarte honetan hautatze arazo bat dago”, deitoratu du Paxkal Indok. Seaskaren sartzea ziurtatzeko, G7 bost minutuz laburtzea proposatu du, ikastolek eskas duten proportzioa litzatekeelarik.