Kazeta

Hainbat intelektualek Josu Urrutikoetxeari babesa adierazi diote

Alain Badiou, Etienne Balibar, Jean-Luc Nancy, Toni Negri eta Jacques Rancière filosofoek eta Thomas Lacoste zinegileak joan den maiatzaren 30ean Frantziako Liberation hedabidean Josu Urrutikoetxearen atxiloketaz testu bat argitaratu zuten. Segidan KAZETA.EUSek egindako euskarazko itzulpena irakur daiteke.

Josu Urrutikoetxea 1998an Gasteizko legebiltzarreko parlamentari gisa hautatua izan zen. ©Gari Garaialde
Josu Urrutikoetxea 1998an Gasteizko legebiltzarreko parlamentari gisa hautatua izan zen. ©Gari Garaialde

“Maiatzaren 16ko goizean Frantziar lurraldeko Savoia-Garaiko ospitale batean “salaketa anonimo” baten ondorioz izandako Josu Urrutikoetxearen atxiloketa ez da albiste ona. Inteligentzia politikoaren, justiziaren ideia iraupenaren, herrien arteko baketzearen eta azpiko hipotesi demokratikoaren kontrako kolpe bat da.

Ez da botere politikoek instrumentalizaturiko eta hedabideek estigmatizaturiko Josu Urrutikoetxea borrokalariaren iragana hemen interesatzen zaiguna, Euskal Herrian abian den bake prozesuari egin dion ekarpen politikoa baizik.

Europar mendebaldeko azken gatazka armatu antzinakoenaren bukaerara eraman zuen prozesuan egindako ekarpen pertsonala - aski ezagutua ez dena - funtsezkoa da.

Josu Urrutikoetxeak, ETA erakundeko kide historiko bezala, borroka armatuari bukaera emateko eztabaida ideki eta helburu horretarako baliabide guziak jarriz egitura egokitzeko kuraia ukan zuen.

Kanpoan, hamar urtez presondegian eta azken hamazazpi urteak klandestinitatean izan arren, gatazka baten eraldaketa ezartzea lortu zuen, aldebakartasunez jokalekua logika politiko-militar batetik erabateko logika politikora eramanez. Aurrekaririk gabeko egoera honek aro berri bat idekitzen du Euskal Herrian eta bera da egile nagusia.

1980ko urteen hastapenetik, Espainiako Gobernuarekin kontaktuak ukan zituen 1989ko Algeriako bake negoziazioak indarrean jartzeko. Honek ez zuen eragotzi Frantziako Gobernuak urte bereko urtarrilean Baiona interpelatzea ETAk Espainiar estatuaren eskariz elkarrizketak abiatzeko aldebakarreko su-eten bat iragarri zuenean. Hamar urtez presondegian izan ondotik, sei frantziar lurraldean eta lau prebentibo gisa espainiarrean - hots, epaitu gabe, kondenarik gabe -, 1989an eta ondotik 2001ean Euskadiko Autonomia Erkidegoko parlamenturako diputatu gisa hautatua izan zen, 2002an klandestinitatera joan aitzin. Ordutik ez da egoera hori aldatu, maiatzaren 16an atxilotu zuten arte.  

2005eko ekainetik 2006ko irailera arte, Josu Urrutikoetxea Genevan izan zen, Suitzako Gobernuaren babespean, negoziazio prozesuan lehen mailako papera jokatuz eta Espainiako Gobernu sozialistarekin finkaturiko bide-orria garatu ahal izateko. 2011n Aieteko Nazioarteko Bake Konferentziara eramanen zuen hurrengo bide-orriaren diseinuan berriz inplikaturik aurkituko dugu. Kofi Annan Bake Nobel Saridunak gidaturik, azken honek, besteak beste, ekinbide armatu ororen behin betiko bukaera (aldarrikapen hori, iragarri izan zen bezala, 2011ko urriaren 20an egin zen) eta Oslon gatazkaren ondorioen inguruan bi aldeen artean - Espainiako Gobernua eta ETA – aitzinetik onarturiko negoziazioak idekitzea aurreikusten zuen.

2011 eta 2013 urteen artean, hiriburu norvegiarrean eta herrialde horretako gobernuaren babespean, Josu Urrutikoetxea espainiar negoziatzaileen zain egon zen, alferrik, nahiz eta gobernuak engaiamendu hori hartu izan. Estatuko solaskiderik gabe, izan espainiar edo frantziar, eta erakundearen armagabetzea ekiditeko hainbat operazio polizial izan arren, ETAk euskal jendarteari armak ematea deliberatu zuen, gisa horretan erakundearen erabateko armagabetzea 2017ko apirilaren 8an gauzatu ahal izan zedin. Azkenean, 2018ko maiatzaren 3an, Genevako Henry Dunant zentrotik nazioarteko komunitatearen aitzinean Josu Urrutikoetxeak ETA erakundearen desegitea iragarriko zuen. Horra hor lurralde honetako historia kolektiboan eta gatazka honen ezohiko konponbidean mugarriak ezartzen dituzten etapa batzuk, aldebakarreko izaerak harritu baizik ezin duelarik egin.

1991ko ekainean, Hegoafrikan apartheidaren legearen zutabeak abolitu zirenean, gerora Bake Nobel Saridun izan zen Nelson Mandela berriz presondegira eramana izatea irudika genezake? Ipar Irlandan, 1998ko Ostiral Santuko akordioaren ondoko egunean, Gerry Adams Belfasten atxilotzea eta ziega batean sartzea posible izanen litzateke?

Beraz, gertakizun txar honen aitzinean kezkaturik eta nahigabeturik gaude. Frantziar autoritateak Josu Urrutikoetxeari kartzela sententzia ezartzeko prestaketan ari dira.

Ezin dugu onartu gure herrialdeetako eta Europar Komunitateko diplomaziak puntu horretara arte doilortzea. Jendarte batek babesturiko aldebakarreko hainbeste keinu egin izan direnean - 2011, borroka armatuaren aldebakarreko bukaera; 2017, euskal jendarteari armak ematea; 2018, ETAren desegitea -, ezin dugu funsgabetasun politikoa jasan. Gatazka armatua gainditzeko Josu Urrutikoetxearen erabakigarritasun eta maila moralaren aitzinean, bere kontrako mespretxua, umiliazioa eta azken buruan, errepresioa errefusatzen dugu.

Aitortza, giza eskubideen errespetua, trantsiziozko justizia, sententzien egokitzapena, oinarrizkoak baina funtsezkoak diren nozio hauek ezin dira arrotzak izan gure estatuentzat eta Europar Batasunarentzat. Ezin dute prozesu honen aktoreak sistematikoki zigortzen segitu.

Nazioarteko komunitateak erreakzionatu eta Josu Urrutikoetxea arrazoiz babestuko balu, ez da berant Frantziar Estatuak keinu azkar, argi eta mamitsu bat egiteko, espazio politiko bat ideki eta bakearen eraikuntzan ezinbestekoa izan denarentzat askatasun ukazio berri bat ekiditeko, eta baita guziok elkarrekin geroa buruargitasunarekin begira diezaiogun permititzeko ere”.