Goizeder Taberna

Barthelemy Aguerre Donapaleurako hautagai izateko bidean

Lüküze-Altzümartako auzapezak Jean-Jacques Loustaudaudine ordezka dezake Baxe Nafarroako herrian. Deliberorik ez dutela hartu errana du, baina bera buru izanen litzatekeen zerrenda osatzeko jendearekin harremanetan sartu da jadaneko.

Barthélémy Aguerre Lüküze-Altzümartako auzapeza da 1977tik, 1989tik 1995erako eten batekin. © Gaizka Iroz
Barthélémy Aguerre Lüküze-Altzümartako auzapeza da 1977tik, 1989tik 1995erako eten batekin. © Gaizka Iroz

Zazpi mandaturen ondotik, horietan seitan auzapez izanik, Barthelemy Aguerre Lüküze-Altzümartako auzapeza ez da 2020an berriz presentatuko. Herri horretan ez bederen, Donapaleura joatea aukera bat baita, egungo gehiengoaren zerrendaburu izateko gainera. 

Jean-Jacques Loustaudaudine Donapaleuko auzapezak 80 urte beteko ditu ekainean eta 1995etik duen kargua utzi beharko luke. Azken hauteskundeetan ardura hori hartzeko hautagai bat aurkitzeko zailtasunak zituela erran zuen. Oraingoan, zerrendaburu izateko bere taldeko herri kontseilariak Barthelemy Agurrerengana hurbildu dira, Aguerre berak adierazi duenea. MEDIABASKek lorturiko informazioaren arabera, onartu izanen luke, baina telefonoz ez du baieztatu. Bere hitzetan proposamena onartuko du, baina “ez da egina, gogoeta galdegiten du”, erran du. 

Honek ez dio oposizioko Charles Massondorengana hurbiltzea trabatu. Adiskide zentrista on bat dela dio. “Harekin mintzatu nintzen eta berak erran zidan ea nirekin etortzen ahalko litzatekeen”, jakinarazi du Aguerrek. Alta, ez du baieztatu lehen axuantaren proposamena egin zioneko informazioa. “Hau ez da zerrendaren osaketaz mintzatzeko mementoa, gogoeta egitekoa baizik”.

Oposizioan ere mugimenduak

Egungo oposizioko hautetsia ezustean harrapatu du. Beretzat argi dago. Loustaudaudinek bere ordezkoa hautatu du. Aguerreren zerrenda egungo gehiengoko hamar hautetsirengatik osatuko litzateke. Massondorentzat goizegi da lehen axuanta izateko proposamenaren inguruan posizioa hartzeko. Bere hitzetan azken urteetan gehiengoarekin izandako harremanak ez baitira bereziki jariakorrak izan, “baina ahazten jakin behar da”, erantsi du. Bestetik, berak ez du taldeak izan beharreko ibilmoldeaz amore emanen, komunikazioaz, “omerta” (isiltasunaren legea) ezaugarritzat izan duen mandatu baten ondotik.

Behatzaile jarreran eta edozein proposamenerako idekia dela dio. Bakarrik presentatu, Barthelemy Aguerrerekin, edo ez, aukera guziak mahai gainean dira. Bere zerrendako bi kideekin ere mintzatu behar da. Partikularki Olivier Darrieux-Jusonekin, zerrenda baten buru izateko tentatua baita, nahiz eta iraila arteko epea hartu duen erabakitzeko. “Herri kontseilari gisa hiru legealdiren ondotik [oharra: Loustaudaudinen taldean bitan], beste zerbaitera pasa nahi dut”, aitortu du En Marcheko erreferentea den enpresaburuak. Azken hauteskunde legegileetan Loïc Corregekin (LREM) batera ordezko gisa aurkeztu zen.

Abertzaleentzat hautagai ideala

Urte ainitzetan (1994-2015) Pabeko Nafarroako parlamenturako hautatua izana, 2015etik azken honek Akitania Berriko eskualde kontseilari mandatu bat ziurtatzen du. Donapaleura joanez gero, lurraldea garatzen segitzeko eginen luke. “Donapaleu inguruko herriekin lotura estuak dituen erdigunea da. Lurraldearekiko interes bat badela uste badugu, aurkeztea onartuko nuke”, dio oraino Lüküze-Altzümartako auzapez denak.

Abertzaleentzat albiste “ona” litzateke, Barthelemy Aguerrek haiek borrokatzen duten guzia ordezkatzen baitu. Zaldi haragiaren krisiaren gizona, Lur Berrik bazterturikoa eta Loustaudaudinen sokakoa, “erdi aroko aro politikoarekin bukatzeko hautagai idealena litzateke”, iritzi dio Extebe Irola hautetsi abertzaleak. Aitzineko zerrenda kideekin, taldea birfundatzen eta zerrenda bat osatzen ari dira.