Goizeder Taberna

Erronka handiak interes gutiko hauteskundeetan

Europar hauteskundeetan parte hartze apala izaten da usaiaz eta aldi honetako kanpaina bereziki diskretua iragan da. Haatik, hautatuak izanen diren diputatuek aurpegi ainitz dituen europar krisiari aterabideak eman beharko dizkiote. 

Ipar Euskal Herrian europar hauteskundeek interes guti piztu dutenaren irudia.
Ipar Euskal Herrian europar hauteskundeek interes guti piztu dutenaren irudia.

Hauteskundeetako panel ainitz hutsik dira. Hori da seguruenik Frantzia mailan hautets barruti bakarra ezartzearen lehen ondorioetako bat. Europar hauteskundeetarako kanpaina abantzu ikusezina izan da Ipar Euskal Herrian. Europar Batasunean (EB) geroz eta handiagoa den krisi baten testuinguruan, errealitate hori ez da jokoan dagoenaren neurrikoa.

Ordezkaritza krisia agerikoa da eta abstentzioa eta Europaren kontrako eskuin muturreko alderdien emendatzea izan daitezke horren lekuko. 751 diputatuk osatzen dute europar parlamentua, kide diren 28 estatutako 500 milioi herritar ordezkatzen dituztelarik. 2014an, abstentzioa herrialdearen arabera %10 eta %87 artean egon zen, %57,46ko bataz bestekoarekin.

Euroeszeptiko batzuk bozkatzera joaten dira, baina EB-ren aitzinean beren herrialdea defendatzen duten alderdiak hautatzen dituzte. Gauzak horrela, eskuin muturreko alderdiek Bruselako aulkien herena lor dezakete. Alderdi hauek maiatzaren 18an Iparraldeko Ligaren buru den Matteo Salviniren inguruan bildu ziren Milan hirian. Marine Le Pen (RN) han izan zen. Europar parlamentuan osatzen duten Nazioen eta Askatasunean Europa (ENL) taldeak eta Alde talde zentristaren artean, hirugarren tokia ea nork lortuko duen ikustekoa da. Azken talde honetan da Emmanuel Macron Frantziako presidentearen alderdia.

2008ko krisi ekonomikoak mugimendu hauentzat “aldeko” osagaiak jarri zituen mahai gainean. Krisiak klase ertain-baxua bereziki kolpatu zuen, egun txaleko horiek karrikan islatzen duten bezala. Kontinentearen hego eta iparraldearen arteko ezberdintasunak emendatu dira eta integrazio europarra kinka larrian da. Grezia izan da, aldi berean, krisi finantzarioaren eta EB-k inposaturiko austeritate politiken biktima.

Autodeterminazioaren auzia

Edozein gisaz, eszeptizismoa iparraldean ere nabarmendu da, britainiarrek EB-tik ateratzeko harturiko deliberoak erakusten duenez. Gisa horretan, hauteskunde hauek urriaren 31 aitzin iragarria den Brexit-aren eztabaidaren erdian eginen dira. Erresuma Batua legalki eurodiputatuak hautatzera behartua da oraino, baina posible da hautatuak parlamentuan nehoiz ez jartzea neurria uztaila aitzin hartzen bada.

Brexit-ari loturik, Eskoziako eta Irlandako autodeterminazioaren auzia lehen lerroan da. Eskoziako Gobernuak 2021ean independentziarako erreferenduma egin nahiko luke. 2014koan eskoziarren %55 burujabetzaren kontra agertu bazen ere, 2016an %62ak Brexit-a errefusatu zuen. EB-tik ateratzeko Erresuma Batuaren deliberoak Irlandaren batasunaren gaia ere mahai gainean jarri du. 2016an Ipar Irlandako herritarren %56ak Brexit-aren kontra bozkatu zuen eta Brexit-ak uhartediko mugetan kontrolak ezartzeari beldur diote askok.

Autodeterminazioaren gaia Espainiar Estatuan ere pil-pilean da eta bada denbora EB-ko estatukideak horren jabe direla. 2017ko urriaren 1ean Katalunian galdeketa egin zenetik, estatuaren eta estaturik gabeko nazioaren arteko konfrontazio politiko eta judiziala emendatu egin da. Europar instituzioek gatazka politiko honetan parte hartzeari ihes egin diote, baina krisi politikoak bere horretan iraunen du.

Krisi humanitarioa

Bereziki hegoaldetik beste krisi larri bat ageri da, humanitarioa, hain zuzen. 2010eko hastapenetik, milaka dira Mediterraneo itsasoan ito diren pertsonak eta bizirik ateratzea lortzen dutenak, europar bideetan oztopoz beteriko bidaian murgiltzen dira. 2015-2016 urteekin alderatuz kopuruak behera egin izanak migrazio fluxuen apaltze bat erakutsi badezake ere, hauteskunde hauetan erdigunean den gaia da. Bukatu den legealdian europar politikariak zatiturik egon dira eta EB-ren arauekin ez dira bat etorri, hauetako askok urratu ere egin dituztelarik, zigorrik jaso gabe.

Ingurumenari loturiko gaietan ere ados jarri beharko dute. Ingurumenaren hondatze iraunkorraren aitzinean, EB-k konpetentzia gehiago hartu ditu alor honetan, baina bere “ahaleginak” ez dira aski izan. Joan den maiatzaren 10ean “Gainditze eguna” izan zen EB-n. “Arrain gehiago arrantzatu ditugu, zuhaitz gehiago bota eta naturak urtebetean permititzen ahal duena baino lur gehiago landu dugu”, erran zuen WWF gobernuz kanpoko erakundeak. “Gure itsasoek eta oihanek jasan ezin duten negutegi efektuko gasen jaulkitzeak handiagoak izanen diren garaia markatzen du honek”, dio erakundearen oharrak.

 

Bozkatzeko egun ezberdinak

Europar Parlamenturako lehen hauteskundeak 1979an egin ziren. Ordutik, herrialdeen arabera molde ezberdinez antolatu izan da bozketa. Herbeheretan ostegunean hasi zen eta maiatzaren 26an igandearekin bukatuko da. Italian azken bulegoak 23:00etan hetsiko dira. Frantziar Estatuan, itzuli bakarrean eginen da bozketa, zerrenda itxiekin. Hautesleak 79 hautagaiko zerrenda bozkatu behar du eta aurkeztu diren pertsonak zerrendaren ordenaren baitan dira hautatuak, lorturiko bozken arabera. Hautu proportzionala da eta eurodiputatu bat lortzeko gutieneko muga %5 da. Hautatuek bost urtez bete beharko dute beren kargua.

Parlamentuak 751 diputatu baditu ere, Brexit-ak berezitasun bat ekarriko du: britaniar diputatuak ostegunean hautatu behar ziren, baina Brexit-a gauzatu eta, 73 jarleku horiek gainerateko 27 estatukideen artean banatuko dira. Hauteskunde hauetan parte hartzea ez zegoen Theresa Mayren gobernuaren asmoetan, baina Europar Batasunetik ateratzeko akordio ezak hauek antolatzera eraman ditu.