Idoia ERASO
Elkarrizketa
MIKEL DALBRET
MARGOLARIA ETA IDAZLEA

“Josef Abeberri lehendabiziko abertzalea izan zen Iparraldean”

“Josef Abeberriren patu tragikoa. 1914-1944. Iparraldeko kontakizunak”  liburua argitaratu berri du Mikel Dalbretek. Ziburura bizitzera joan zenean, herriko auzapeza izan zenaren karrikaren inguruan jakin-nahia piztuta ikerketa egin zuela kontatu dio Gara egunkariari.

 Txalapartarekin argitaratutako liburua aurkeztu du Mikel Dalbretek.
Txalapartarekin argitaratutako liburua aurkeztu du Mikel Dalbretek.

Jakes Abeberry, Biarritzeko zinegotzi abertzale historikoa, laguna du Mikel Dalbretek, eta politikariaren abizena zeraman Ziburuko auzapezaren karrika ikusi zuenean, nor zen jakin nahi izan zuen. Ezjakintasuna ia osoa zela ikusita, senitartekoak ikustera eta artxibategietara joan zen. Argitaratu berri duen liburua ez da eleberri historiko hutsa, ezta saiaketa hutsa ere, bien arteko nahasketa baizik.

Nor zen Josef Abeberri?

Arrangoiztarra, 1895. urtean jaioa. 1914an etxetik abiatu zen gerla egitera, eta larriki zauritua izan zen lauzpabost aldiz, bereziki birikietan. Ondoren, 1919an, Ziburuko Herriko Etxean idazkari lanean hasi zen, eta 1936an auzapez ezkertiarra bilakatu zen. 2. Mundu Gerlarekin, Petainen gobernuko prefetek auzapez ezkertiarrak kendu eta eskuindarrak ezarri zituzten; hori dela-eta Josef Abeberri laster klandestinitatean sartu zen. Orduan, harremanak izan zituen Ingalaterrako Comete sarearekin, ordezkari nagusia izan zen Iparraldean.

Bi urtez ibili zen klandestinitatean, eta Baionan atxilotua izan zen ile-apaindegi batean, salaketa baten ondorioz. Gaur egun ere ez dakigu nork salatu zuen. Handik Bordelera bidali zuten eta hilabete bat beranduago Austriako Melk kontzentrazio-esparrura. Han hil zela esan daiteke, baina ez da arrastorik aurkitu. Bere heriotza-egiaztagiria 30 urte beranduagora arte ez zen emana izan.

Guztiz ahantzia izan zen?

Bai, eta merezi du berriz ezagutaraztea. Nire ustez, ahantzia izan zen sozialista erradikala zelako; gerlatik biharamunean oso gutxi ziren, sozialistak ez bezala. Halaber, bere familiak bere oroitzapena atxikitzeko ez zuelako fitsik egin.

Euskaltzalea izan zen. Eta abertzalea ere bazen?

Euskaltzalea zen. Nik dakidanez Iparraldeko lehen afixa politikoa osoki euskaraz berari esker egin zen. 1937an izan zen, kantonamenduetarako hauteskundeetan, baina ez zuen irabazi. Gainera, lehendabiziko abertzale bezala ikus daiteke. Ez zen izen horrekin ageri, baina hizkuntzarekiko, eta Euskal Herriarekiko zuen ikuspegiari begiratuz, esan daiteke lehendabiziko abertzalea izan zela Iparraldean. Gerraren biharamunean beste abertzaleak agertu ziren.

Errefuxiatuak lagundu zituen auzapeza zelarik?

Oso arraroa zen Iparraldean auzapezen artean harrera ona egitea Hegoaldetik etorritako errefuxiatuei, eta Josefek harrera oso ona egin zien. Liburuan agertzen da akuarela baten argazkia, non olerki ttiki bat baden errefuxiatuei zuzentzen zien harrera onagatik merezimendua ematen diona.

Comete sarea lagundu zutenak omentzeko ekimenak izaten dira. Egin zuen lana oroitzen dute bertan?

Ez, ez da agertzen. Erabat ahantzia zen, eta ez da normala, arraroa baitzen garai hartan auzapezen aldetik halako sentimendu partekatzailea izatea. Geroztik aldatu da, beharrik.

Ikerketa handia egin behar izan duzu liburua osatzeko.

Bai, berari buruz ez zen fitsik euskaldunon munduan. Liburuari esker berpizten da pertsona horren memoria, hori da interesgarriena. Nik nobelatu dut bere bizitza, mamia emateko kontakizunari, baina gertakari historiko guztiak egiazkoak dira. Ni ez naiz batere idazlea, margolaria naiz bereziki, baina nahi nuen erreparatu ahantzi handi bat, ez zitzaidan ageri justua; gure historiaren barnean bere tokia hartzea nahi dut.

Ikerketa egiteko garaian nortzuek lagundu zaituzte?

Batez ere, Jakes Abeberryren anaia zen Koko Abeberry abokatuak; bizpahiru aldiz topatu nuen bere etxean. Gero, Josefen semea zen Jean-Claudekin ere egon nintzen, eta uste dut zituen agiri guztien kopiak eman zizkidala; lauzpabost aldiz etorri zen etxera. Senpereko Andoni Iturriozek eman zidan euskaraz osorik izan zen afixaren kopia. Eta gero inkestak egin nituen; Baionako artxiboetan eta interneten gauza interesgarriak aurkitzen ahal dira. Liburu honen gibelean bada segitzekoa, ongi izanen zen hemendik abiatuz historian sakontzea.