Kazeta

Mikel Karreraren hurbilketa erabaki judizial baten ondorioa da

Pariseko auzitegi administratiboak euskal presoaren hurbilketa arrazoitzeko kontuan hartu zuen ETAk borroka armatua utzi izana, Justizia Ministerioak Karrera lekuaz aldatzeko ezezkoa gibelera botaz.

Mikel Karrera maiatzaren21ean eraman zuten Lannemezango presondegira. ©Bob EDME
Mikel Karrera maiatzaren21ean eraman zuten Lannemezango presondegira. ©Bob EDME

Frantziako Justizia Ministerioak uko egin zion Mikel Karrera Sarone Lannemezango presondegira lekualdatzeari. Pariseko auzitegi administratiboak, haatik, kontrakoa erran zuen. 2018ko azaroaren 23ko ebazpen batean, Ministerioaren erabakia indargabetu eta euskal presoak jarritako helegitea onartu zuen.

Maiatzaren 21ean lekualdatu zuten arte, Mikel Karrera bere familiarengandik 900 kilometro ingurura zegoen, Paris inguruetako Réau presondegian. Auzitegi administratiboak emandako arrazoien artean, baldintza horietan familia loturak mantentzeko zailtasunak aipatu zituen.

Instituzio bakoitzaren gaitasunari buruzko argudioez gain, bere posizioa testuinguruarekin lotzen du auzitegiak: ETA erakundeak armak behin betiko utzi izana eta beste preso batzuk Pirinio Garaietako presondegira lekuz aldatuak izatea. Euskal presoen lehen hurbilketa 2017an hasi zen, Mont-de-Marsanera eta Lannemezanera hain zuzen, baina azken hilabeteetan Justizia Ministerioak mugimendu hauek eten egin zituen.

Epaileek Ministerioak presondegitik ihes egiteko aukeraz eta ordena publikorako mehatxuaz agerturiko beldurrak ezerezean utzi dituzte.

Parisekin elkarrizketan den euskal ordezkaritzak ongi etorria egin dio erabaki honi. “Pariseko auzitegi administratiboak Euskal Herriko bake prozesua kontuan hartu izanak (...), justizia penaleko sententzia egokitzeko beste presoek egindako eskaeren gainean ikuspegi berri bat ekarriko duela espero behar da.”, dio adierazpen batean. 

Coviteren erreakzioa

Euskal jendartearen ordezkariek espero dituzten urratsak oraino ainitz dira. Beren hurbilekoetatik urrun diren azken presoen hurbilketa (zortzi gizon eta bederatzi emazte), DPS estatusa bezalako salbuespenezko neurriak bertan behera uztea, baldintzapeko askatasun eskaerak onartzea eta eritasun larriak dituzten presoen zigorrak suspenditzea. Ekainaren 7an eta 8an Bake Bideak demanda hauek berretsiko ditu Biarritzen.

Efe agentzia espainiarraren arabera, euskal presoen auziaz arduratzen den Hélène Davo Justizia Ministroaren kabineteburuak Covite biktimen elkarteari erran izanen zion bide legal guziak erabili arren, ez dagoela auzitegi administratiboaren erabakia aldatzeko aukerarik. Bere aldetik, Euskal Herriko ordezkaritza Justizia Ministerioak ebazpenari helegitea ez jarri izanagatik konforme agertu da.

Frantziako Justizia Ministerioari azalpenak galdegin ondotik, Coviteren arabera, Mikel Karreraren hurbilketarekin “Frantziak ez ditu biktimak traizionatu, hau ez baita erabaki politiko baten emaitza”, erabaki judizial batena baizik. Hélène Davoren jarrera eta arreta eskertu ditu elkarte horrek.