Idoia ERASO

Uztaritze: bost hautetsien dimisioa ez dute aintzat hartu euskaraz idatzia baita

Uztaritzeko Herriko Etxeko bost hautetsik aurkeztutako dimisioa ez du kontuan hartu Bruno Carrere auzapezak euskaraz idatzia baita. Haien erabakia berresteaz gain, Prefetari bere iritzia eskatu izana egotzi diote auzapezari.

Uztaritzeko bost hautetsik dimisioa aurkeztu zuten apirilaren 12an. Argazkia Bob EDME.
Uztaritzeko bost hautetsik dimisioa aurkeztu zuten apirilaren 12an. Argazkia Bob EDME.

Uztaritzeko bost hautetsik apirilaren 12an dimisioa emateko aurkeztu zuten erabakia berretsi dute, berriz ere euskaraz. Bruno Carrere auzapezak ez zuen aintzat hartu euskaraz idatzita zegoelako, Naiz atariak azaldu duenez.

Hautetsiak Lore Aristizabal, Tomas Daguerre, Arnaud Ospitaletche, Jean-Pierre Lapeyrade eta Yves Machicote dira.

Lehen dimisio gutuna Eric Spitz Prefetari igorri zion Bruno Carrere auzapezak, eta honek ezin zela onartu erantzun zion, euskaraz idatzia baitzen. Carrerek arrapostu hori helarazi zien bost hautetsiei eta maiatzaren 23an eginen den udal bilkurara gonbidatu zituen.

Taldeko bost hautetsiek Prefetari iritzia eskatu izana egotzi diote auzapezari, horretarako beharrik ez zela gaineratuz. Eta oroitarazi dute Uztaritze Bai! gehiengoko taldearen hauteskunde egitasmoan "uztariztar bakoitzak nahi duen hizkuntzan aritzeko eskubidea bermatuko" dela idatzia dela.

Dimisioaren arrazoiak

Auzapezaren eta bere taldeko kideen arteko gatazka 2018ko irailean abiatu zen. Uztaritze Bai! taldeko prestakuntza bilkura batean hautetsi baten kanporatzea eman zuen Carrerek gai-zerrendan, beste kide baten gutun anonimoan oinarrituta.