Kazeta

Mikel Karrera Sarobe euskal presoa hurbildu dute

Hainbat hilabetez esperoan izan ondotik, Paris inguruetako Réau presondegitik Lannemezangora lekualdatu dute preso nafarra.

Mikel Karrera Euskal Herritik 870 kilometrora zegoen preso, Réau Sud Francilien presondegian.
Mikel Karrera Euskal Herritik 870 kilometrora zegoen preso, Réau Sud Francilien presondegian.

Euskal preso politikoen auzia hiru hilabetez blokaturik egon ondotik, Mikel Karrera Sarobe Euskal Herritik 280 kilometrora den Lannemezango presondegira hurbildua izan da. Albistea Etxerat elkarteak eman zuen maiatzaren 21ean, asteartearekin, sare sozialen bitartez.

Mugimendu honek urrats berri bat dakar. Izan ere, Hélène Davo Frantziako Justizia Ministerioaren bulegoko zuzendari ondokoak abenduan MEDIABASKi adierazitakoek ez zuten gisako erabakirik aditzera ematen: “Pertsona enblematikoei loturiko zauriak daude. Txeroki edo Karrera hurbilduz sua pizten ahal da (oharra: Mikel Garikoitz Aspiazu Rubina eta Mikel Karrera Sarobe). Biktimen elkarteek ezingo dute onartu. Ordezkaritzari erraten diot, urtarrilaren 12an karrikara joan beharrean, biktimekin egon eta konbentzituko balitu, ez dela ordena publikoko arazorik izanen”, erran zuen Davok. Garai hartan, Justizia Ministerioarekin elkarrizketak bideratzeaz arduratzen den Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak etentzat emanak zituen harremanak.

Joan den astean, zehazki maiatzaren 14an, euskal ordezkaritza prentsaren aitzinera atera zen Biarritzen. Elkarrizketak berriz abiatu zirela iragarri eta urratsak espero zituztela adierazi zuten. Frantziar estatuan preso diren Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 40 kideetatik, zortzi gizon eta bederatzi emazte falta ziren hurbiltzeko.

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak hiru egun berantago Biarritzera egindako bisitan errandakoek euskal eragileen pazientzia eza astindu zuten. Gatazka politikoari loturik aurrekaririk ez duen adierazpen batean, estatuburuak bizikidetzaren alde tokiko hautetsiek egindako lana nabarmendu zuen. “Estatuaren betebeharra da mugimendua laguntzea”, erran zuen. Haatik, bezperan Josu Urrutikoetxea ETAko kide ohia Savoia Garaia eskualdean atxilotu izanak ez zuen argi uzten nondik nora joko zuen gobernuak.

Euskal Herritik egin izan diren demandak kontuan harturik, pentsatzekoa da Mikel Karrera hurbiltzearekin batera, epe laburrean sakabanaturik diren gainerateko zazpi gizonezkoak ere Mont-de-Marsan eta Lannemezango presondegietara lekualdatu eta bederatzi emazteak presondegi bakarrean batuko dituztela.