Goi-mailako ikasketak euskaraz egiteko aukerak eztabaidagai

Iparraldeko Eusko Ikaskuntzak eta Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) antolaturik, maiatzaren 27an “Baxoaren ondotik zer? Nazio garapenerako giltzak” mahai-ingurua eginen da Baionan.

Kazeta|2019/05/21 13:55
Goi-mailako_ikasketak__ikergazte
Ipar Euskal Herriko ikasle euskaldunek zailtasunak dituzte goi-mailako ikasketak euskaraz egiteko. @IkerGazte

IkerGazte kongresuaren barnean, maiatzaren 27an astelehenarekin, Ipar Euskal Herriko ikasleek goi-mailako ikasketak euskaraz egiteko dituzten zailtasunak eta aukerak aztertuko dituzte mahai-inguruan. Eztabaidari arratsaldeko 18:00etan emanen zaio hasiera, Baionako Iker zentroko liburutegian.

Pauline Guellek gidaturiko saioan Kepa Sarasola (UEU), Oihana Zamponi (Eusko Ikaskuntza), Aines Dufau (Ikas), Eneko Bidegain, Txomin Poveda, Maia Duguine, Iban Thicoipe eta Jaki Agerre izanen dira partaideak. Hainbat galdera izanen dituzte mahai gainean, bereziki, nazio ikuspegitik aditu euskaldunak izateak duen garrantziari loturik.