Kazeta

Huts baten ondorioz, europar hauteskundeetan bozkatzeko arazoak gipuzkoar askorentzat

“Atzerrian bizi diren biztanleen hautesle-erroldan” agertzen diren 27.490 gipuzkoarrei maiatzaren 26an Europako Parlamenturako hauteskundeetan bozka emateko urratsak zailtzen ari zaizkie. Gutun-azal bat eskas da igorri dieten dokumentazioan, Naiz-ek jakinarazi duenez.

Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak igorritako dokumentazioan gutun-azal urdina falta da.
Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak igorritako dokumentazioan gutun-azal urdina falta da.

Ipar Euskal Herrian bizi diren gipuzkoar asko asaldaturik daude, maiatzaren 26an europar hauteskundeetan bozkatzeko behar duten gutun-azal urdina ez baitira jasotzen ari, Naiz atarian argitaratu denez. Boto-papera urdina izanik, gutun-azalak kolore berdinekoa behar luke, baina herritar hauek ez dute errezibitu. Horrekin bozkatuz gero, emandako botoa baliogabea litzateke.

Espainiar Estatutik kanpo posta bidez bozkatzeko epea maiatzaren 21ean bukatzen bazen ere, arazo hauek azken mementoan epea maiatzaren 24ra luzatzea eragin dute. Beste aukeretako bat Espainiak Baionan duen kontsulatuan maiatzaren 22tik 24ra hautetsontzian bozkatzea zen eta kasu honetan ere, 26ra arte zabaldu dute bozka emateko epea. Bertan 11.307 pertsona daude inskribaturik, horietarik 5.866 gipuzkoarrak direlarik. Edozein gisaz, aitzinetik gutun-azal urdina lortu beharko dute kaltetuek.

Dirudienez, jatorriz bizkaitar edo nafarrak diren boto-emaileek dokumentazioa zuzen jaso dute eta ondorioz, gipuzkoarrak dira arazo hori dutenak. Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak egindako hutsa onartu du eta nahiz eta ondoko egunetan gutun-azal urdina igorriko duela jakinarazi duen, epeak aski estuak dira.

Ez da argi hutsak soilik Frantziar Estatuan bizi diren gipuzkoarrei eragiten ote dien edo hortik haragokoa den. Naiz-en arabera, Belgikan bizi den gipuzkoar batek ere oker jaso du dokumentazioa. Hala balitz, orotara 27.490 pertsona lirateke “atzerrian bizi diren biztanleen hautesle-erroldan” diren eta maiatzaren 26an bozka dezaketen gipuzkoar kaltetuak.