Egoitz URRUTIKOETXEA
Egoitz_urrutikoetxea
Estatu arrazoinaren espektakulua

IRITZIA- Josu Urrutikoetxea atxilotu zuen poliziak maiatzaren 16an. Bere semea den Egoitz Urrutikoetxeak gertariaz hausnartu du. “Iraganean katramilaturik nahi gaituzte”.

2019/05/18 09:55 | 0 iruzkin

Ostegun goizeko berriak bete-betean harrapatu gaitu, ni eta nere ahaideak. Zurrunbilo baten erdian harrapaturik bezala sentitzen gira. Iraganera garamatzan atxiloketa da. Edo, iraganak egungo errealitatea zer nola baldintzatzen duen ohartarazten duen gertakaria. Zaila da gisa bereko uneetan burua hotz gogoetatzea.

Hemendik aitzina aitite ikusteko aukera izanen dutela erran diet alabei, atxiloketa iragarri diedan unean eragindako saminaren aringarri gisa. Gure belaunaldia ere hortik pasatakoa da. Belaunaldi sakrifikatua. Sakrifikatua bai, ez bizitakoa gogorra izan zaigulako, baizik eta sentimenduak adierazteko tarterik izan ez dugulako. Aurrera egiteko horrela behar omen zuen izan. Eta oraindik ere, iraganeko trabesetan katramilaturik jarraitzen dugu. Kalkulu politiko eta taktikoen izenean gure alde sentsiblea urratzen.

Bizi garen « espektakuluaren jendartean » zabor festa hasi baizik ez da egin.  Ostegun goizetik gaur arte Frantziako prentsan agertu artikuluei so azkar bat bota ondoan, ignorantziaren itsasoa zoin sakona eta zabala den etorri zait gogora. Gaiak zoin arinkeriarekin tratatzen dituzten, izan Euskal Herrikoak ala nonahikoak. Zein gaitasun duten gertakari oro bere kontestutik atera eta botere guneetarik hedatzen diren informazio interesatuekin itxuraldatzeko.

Kazetariek zirko mediatikoa elikatzeko hezur goxoa aurkitu dute nonbait. Frantziako eta Espainiako Estatu ordezkariek berriz trofeoa. Belaunikatzea onartu ez duen herria umiliatzen jarraitzeko trofeoa.

Iraganean katramilaturik nahi gaituzte. Eta hein handi batean lortzen ari direla erran nezake. Metafora bati erreferentzia eginez, ilargia izendatzen duen hatz puntari begiratzen diogula iruditzen zait, ilargia dugula helburu ahantzirik.

Atzoko atxiloketa ez da bakearen kontrako eraso bat izan. Estatuek bakeaz egiten duten interpretazioaren aplikazio soila baizik. Ez gaituzte ulertzen, eta ez gaituzte ulertu nahi ere. Hargatik, bestelako gramatika bat eraikitzeko mementoa ere bada honako hau.

Iraganaren itzulbiderik gabeko bidetik ateratzeko manera bakarra bi Estatuei aurre egiteko jokaleku berria eraikitzea da. Estatuen lerratze autoritario orokortuaren aitzinean bestelako zerumuga bat eskainiz Euskal jendarteari.