Kazeta

Udalbiltzak Euskal Herriaren kohesioa sustatzen duten lau proiektu diruztatu ditu

Nazio instituzioak lehen fase batean 12.000 euroko partida bideratu du Gastibeltza Filmak, Euskarabentura, EHKolektiboa eta UEU elkarteek garaturiko proiektuak babesteko.

Luis Intxauspe Udalbiltzako lehendakaria eta babesa jaso duten eragileetako ordezkariak.
Luis Intxauspe Udalbiltzako lehendakaria eta babesa jaso duten eragileetako ordezkariak.

Euskal Herriaren kohesioan duten eragina, proiektuen berritasuna eta haien gauzapen eremu geografikoaren ezaugarritzea kontuan hartuz, Udalbiltza Partzuergoak 12.000 euroko diru-laguntza esleitu du lau elkarteren egitasmoak babesteko. Gastibeltza Filmak, Euskarabentura, EHKolektiboa eta Udako Euskal Unibertsitatea (UEU) dira ezaugarri horiek betetzeagatik bultzada ekonomiko hori izanen duten entitateak.

“Aurten, Udalbiltzaren babesa jaso duten ekinbideak, euskal eremu ezberdinetako herritarren artean elkarlana sendotzeko duten indarrarengatik nabarmentzen dira eta horixe da Partzuergoak areagotu nahiko lukeena datozen urteetan”, adierazi du Luis Intxauspe Udalbiltzako Lehendakariak eta Hernanin funtzioetan den auzapezak. 

Intxausperen arabera, proiektu bakoitzak alor ezberdinetik egiten du bere ekarpena: “Agro-ekologiatik, ikerkuntzarainoko eta ikus-entzunezko ekoizpenetik, euskaldun gazteen saretzerainoko bidea egiten dute lehen fase honetan sustatu diren proiektuek”.