Aman Komunak sareak topaketa berri bat antolatu du

Borroka sozialak, errepresioa, autodefentsa eta G7 gailurra ardatz izanen dituen topaketa heldu den maiatzaren 31tik ekainaren 2ra eginen da Donibane Ziburuko gaztetxean.

Kazeta|2019/05/16 07:10|0 iruzkin
Ber_larhun_mendia_aman_komunak_9150
2018ko urrian Aman Komunak sareak kanpaldia egin zuen Larrun mendian. ©AURORE LUCAS

Aman Komunak sareak gai ezberdinak hautatuz hiru hilabetero antolatzen dituen topaketen karietara, udaberri honetakoa maiatzaren 31tik ekainaren 2ra iraganen da Donibane Ziburuko gaztetxean. G7 gailurra hurbil delarik, hiru egunez borroka sozialak, Frantziar Estatuaren errepresioa eta autodefentsa bezalako gaiak izanen dituzte aztergai hitzaldi eta tailerren bidez.

Egitarauari maiatzaren 31n emanen zaio hastapena, identifikazioa, komisaldegia, epaitegia eta kartzela hurbilagotik ezagutzeko hitzaldiarekin. Laurence Hardouin Baionako abokatuarekin batera, bi euskal preso politiko ohi mintzatuko dira.

Egun bat berantago, larunbatarekin, goizeko 11etan Frantziar Estatuan polizia eta justizia erabiltzen ari diren estrategia berriak aletuko ditu Ainoha Pascual Pariseko abokatuak. 2015etik larrialdi egoeraren kontrako helegiteak ezarri ditu Pascualek, oinarrizko eskubide eta askatasunen defentsan. Defendatzen dituen jendeen artean dira txaleko horiak, manifestazioetan zauritutakoak eta Gaspard Glanz kazetaria ere.

Arratsaldeko 3etan “kaleko medikuei” buruzko tailerra eginen da, manifestazioetan zaurituak diren jendeak artatzeko lehen erreflexuen ikasketa gisa. Horren segidan, Lundimatin hedabideko kide batek txaleko horien inguruko mintzaldia eskainiko du.

Topaketa ekainaren 2an bukatuko da, goizeko 10etan hasiko den Aman Komunak sarearen biltzarrarekin. Asteburua igarotzeko, norberak bere jana eta lo zakua eramateko aholkua eman dute antolatzaileek.