Kazeta

Michel Veunac Biarritzeko auzapeza salatu du Bizi!-k

Victoria Erreginaren etorbidearen arraberritzea “eskandalutzat” jo du mugimendu ekologistak maiatzaren 15ean burututako ekintza baten bidez. Ekimena baliatu du maiatzaren 24an eta 25ean Baionan eta Donibane Garazin klimaren aldeko mobilizazioak eginen direla iragartzeko.

Biarritzeko Herriko Etxeak Victoria Erreginaren etorbidea arraberritu duen honetan, Bizi! mugimenduak salaketa gogorra egin du lan horien inguruan. Goizeko 10.00ak aldera hamar bat militantek etorbidea blokeatu eta pintadak egin dituzte maiatzaren 15 honetan.

Airearen kutsadurak sortzen dituen osasun arazoei eta klimaren desafioei bizkar emanik, autoen aldeko parioa deitoratu du mugimendu ekologistak etorbidean burututako ekintzan. Aipaturiko lanetan, Hotel du Palais inguruetan bizikletentzat tindatu duten marra da salbuespen bakarra.

Lan hauek Tram´bus proiekturako esleitu den diruarekin egin direla eta hori demokratikoki eta etikoki kezkatzeko modukoa dela erantsi du Bizi-k. Izan ere, Tram´bus egitasmoak trantsizio ekologikorako eta autoen alternatibak plantan emateko diru-laguntzak jasotzen ditu.

Diru-laguntzak autoen erabilerarako

Michel Veunac-ek bera buru duen SMTC (garraio komunerako sindikatu mistoa) erakundeak proiektuen deialdirako txosten bat aurkeztu zuen. 2011n frantziar estatuak beste 77rekin batera onartu zuen egitasmoa. Ekintzaile ekologisten arabera, proiektuaren anbizioa ikusirik, finantzazio handienetakoa jasotzen du, 20,04 miloi euroko diru-laguntzarekin.

Alta, SMTC-k aurkezturiko eta ingurumenerako Grenellek onarturiko dokumentuan argi gelditzen zen Victoria Erreginaren etorbidean “egun abantzu osoki autoarentzat den espazioa egokitu behar dela errail garbi batentzat lekua uzteko”. Dokumentuaren 57 eta 58. orrialdeetan autobusen errailek Biarritz zeharkatuko zutela idatzia da, Maréchal de Lattre de Tassigny etorbidetik, Marne eta Nathalie Erreginarenak zeharkatu eta Victoria Erreginaren etorbidean bukatzeko. 

Bizi!-ren hitzetan, Veunac auzapezak garraio publikoaren inguruko proiektu anbiziotsu bat “saldu” du, gerora fondo horiek autobusen eta bizikleten kaltetan diren errepideak arraberritzeko. Finean, trantsizio ekologikorako diru-laguntzak, osasunerako, klimarako eta planetarako kaltegarri den norbere autoaren erabilerarako erabili direla salatu du.

Justizia klimatikoaren alde

Gisako politikak egiteko arazorik ez den bitartean, klimaren alde mobilizatzen diren herritarrek salaketa jasan behar izaten dute. Michel Veunac berak Biarritzeko Herriko Etxean Macronen erretratua kendu zuten ekintzaileen kontrako salaketa jarri izana da adibideetako bat. Gauzak horrela, jada 7 dira poliziaren aitzinetik pasa behar izan duten Bizi!-ko ekintzaileak. Frantziar estatuan 35 dira maiatza eta abendua artean epaituko dituzten Action Non-Violente COP21 mugimenduko kideak.

Ildo horretan, ekologistek Ipar Euskal Herriko herri ainitzek erregularki legea urratzen dutela ekarri dute gogora, bereziki ingurumen kodearen L228-2 artikulua. Hiriko bideak arraberritzeari loturiko arauak ezartzen ditu artikulu horrek eta beraz, Biarritzeko lanekin Herriko Etxeak ez duela legea bete deitoratu dute. Alta, kasu hauetan nehoiz ez da auzibiderik eta hainbat galdera pausatu dituzte: “Zer egiten dute prefetek eta prokuradoreek? Hauek argazki bat kentzea baino gertaera larriagoak dira. Noiz joko du justiziak aldaketa klimatikoaren arduradunen kontra?”.

Mobilizazioak maiatzaren 24 eta 25ean

Nazioarte mailako deialdiekin bat eginez, Ipar Euskal Herrian ere maiatzaren 24an eta 25ean mobilizazioak eginen dira. Ostiralean, ikasle greba berri bat deitua da, hitzordua Baionako René Cassin lizeoan emana delarik goizeko 8:30ean. Arratsean, l´Atalante zinema gelan “Grande-Synthe, la ville où tout se joue” filma ikusi ahalko da, Damien Carème herri horretako auzapezaren presentziarekin.

Maiatzaren 25ean bi mobilizazio iragartzen dira. Donibane Garazin Herriko Etxetik 15:30ean abiatuko da klimaren aldeko martxa. Bertara heltzeko, Ahatsako Herriko Etxetik bizikletaz abiatuko dira arratsaldeko 13:30ean, barnealdeko Bizi!, Avenir GB eta Irabia elkarteek antolaturik.

Baionan berriz, justizia klimatikoaren aldekoa izanen da martxa. 15:00etan auzitegitik abiatuko da, non argazki handi bat eginen den Bourg-en-Bressen epaituak izanen diren 6 ekintzaileen sustenguz. Mobilizazioa Paul Bert plazan bukatuko da, pertsonalitate ainitzek izenpeturiko agiriaren irakurketarekin.