Kazeta

Jean Mixel Bedaxagar Xiberoko musikaz, dantzaz eta kantuaz mintzo

Zabalik elkarteak gonbidaturik, heldu den maiatzaren 18an Jean Mixel Bedaxagar urdiñarbetarrak mintzaldia eskainiko du Donapaleun.

Jean Mixel Bedaxagar, xirula eta ttunttuna joz. @etxebarre
Jean Mixel Bedaxagar, xirula eta ttunttuna joz. @etxebarre

Jean Mixel Bedaxagar kantari, xirulari eta idazleak ibilbide oparoa du euskal kulturaren baitan. Urdiñarben sorturik, kulturaren transmisioan lan handia egina da eta horren lekuko dira “Aintzina pika” liburuan jasotako ikerketak. Bere ezagutzak partekatzeko, maiatzaren 18an Donapaleun mintzaldia eskainiko du Bedaxagarrek, goizeko 10:30ean mediatekan.

Ainitzek nekez pentsa lezake garai batez xirula eta ttunttuna desagertzear egon zirela. Erraterako, mintzaldian ttunttunaren erabilera berpizteko XX. mendean Baionako Euskal Museoarekin batera antolaturiko ikusgarri eta primak aipatuko ditu xiberotar musikariak. Bere hitzak dira hauek: “Azken ttunttun joilea Zuberoan, Simon Patalagoity zen, 1958an zendua. Ez dut ezagutu maleruski”

EKEri eskainitako elkarrizketa hartan, xirula eta ttunttuna jotzeko bere ametsa bete zuela aipatu zuen, garaiko soinulariak ere ezagutu zituelarik, bereziki Etxahun- Iruri eta Copain. Bedaxagarrek bere ezagutzak ez ezik, musika, kantua eta dantzarekiko duen pasioa transmitituko du Amikuzen eskainiko duen mintzaldian.