Kazeta

Bake prozesuan aitzinatzeko hitzordu bikoitza

Ekainaren 7an eta 8an konferentzia bat eta giza katea antolatu dituzte, konponbide prozesuari bultzada berria emateko. Frantziako Gobernuarekin izozturik ziren elkarrizketak berrabiatu direla jakinarazi dute Bake Bideak, bake artisauek eta euskal instituzioetako ordezkariek.

Euskal eragile eta instituzioetako ordezkariek urrats berriak gauzatzeko beharra nabarmendu dute. ©Guillaume FAUVEAU
Euskal eragile eta instituzioetako ordezkariek urrats berriak gauzatzeko beharra nabarmendu dute. ©Guillaume FAUVEAU

“2019 urteak bake prozesurako erabakigarria izan behar du”, erran du Michel Veunac Biarritzeko auzapezak ekainaren 7 eta 8rako prestatu diren ekimenen aurkezpenean. Antolatu dituzten konferentzia eta giza katearen bitartez, Bake Bideak eta bake artisauek gatazkaren konponbide prozesuaren garapenean dauden asmoak gauzatzea nahi dute.

Elkarbizitzari buruzko konferentzia eta euskal presoen kaleratzeaz sentsibilizatzeko giza katea antolatzeko lekua ez da kasualitatez hautatua izan. Azken urteetan gisako ekimenak hartu ditu Biarritzek, baina G7 gailurra agorrilean izateak hiria nazioarteko plazan jarriko du. Beraz, munduari eta frantziar estatuari euskal jendarteak konponbidean aitzinatu nahi duela erakusteko aukera baliatu nahi da.

Bakea urratsez urrats eraikitzen dela jakitun, denbora prozesuaren kontra doala uste dute Anaiz Funosas Bake Bideako presidenteak, Mixel Berhokoirigoin bake artisauak, Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak, Michel Veunac Biarritzeko auzapezak eta Lucien Betbedert herrien Biltzarreko presidenteak. Horren adibide garbienetakoa da euskal presoen auzia.

Elkarrizketak berriz abian

Iaz Ipar Euskal Herriko ordezkaritzaren eta Frantziako Justizia Ministerioaren arteko elkarrizketak blokeaturik izan ondotik, gaurko agerraldian perspektibak badirela adierazi dute. Alta, horiek gauzatzea falta da. Zentzu horretan, frantziar estatuan diren 40 euskal presoetatik, zortzi gizon eta bederatzi emazte oraino ez dira hurbilduak izan. Azkenen kasuan, ez da baldintzak beteko lituzkeen presondegirik Euskal Herritik hurbil. Gizonentzat berriz, Mont-de-Marsan eta Lannemezan dira adosturiko destinoak.

Euskal presoak hurbiltzeaz harago, salbuespenezko neurriak indargabetzeko beharra nabarmendu du Anaiz Funosas Bake Bideako presidenteak: “legedi arrunteko preso gisa tratatuak izango balira, haietako batzuk kalean leudeke”. Hau litzateke Jakes Esnal, Xistor Aranburu eta Jon Kepa Paroten kasua. 29 urte daramatzate preso eta orain arte baldintzapeko askatasuna lortzeko egin dituzten eskaera guziak sistematikoki ukatu zaizkie. Horrekin batera, eritasun larriak dituzten presoei zigorra suspenditzea eta DPS estatusa duten guziei neurri hori kentzea ez da gauzatua izan. 

Giza katea, presoen auzia konpontzeko

Ekainaren 8rako antolatua izan den giza kateak Hotel du Palais eta Rocher de la Vierge lotuko ditu. Mixel Berhokoirigoin bake artisauaren hitzetan, giza kateak “presoen kateamendua islatzen du, baina baita kateatze morala ere, gainditu behar dugun sufrimenduarena”. Bezperako konferentzian elkarbizitzaren gaia jorratuko da. Egitarau osoa ondoko asteetan ezagutaraziko dute, baina gatazka armatuak eragindako biktimen arteko hurbilketari loturiko testigantzak eta esperientziak entzun ahalko dira. 

2011ko Aieteko Konferentziaz geroztik testuinguruak eboluzio bat izan du, baina Jean-René Etchegaray-ren arabera, “armak hilak dira, baina kontzientziak ez dira bakean”. Antolatzaileek biktimen aitortza eta presoen auziaren konponbidea jotzen dituzte elkarbizitzarako ezinbesteko urratsak. Euskal Herrian hamarkadetan izandako gatazka ez dadin errepikatu.