Kazeta

Literatura eta maila elebidunetako irakasleen formakuntza aztergai Baionan

Bordeaux Montaigne unibertsitateko euskal ikasketen sailak mintzaldi eta eztabaida ezberdinak antolatu ditu maiatzaren 13tik 15era, Jean Haritxelar katedraren karietara eta Alain Di Meglio Korsikako irakaslea gomitatuz.

Alain Di Megliok, korsikar hizkuntza eta kultura irakasten ditu Korsikako Unibertsitatean. @dimeglio_alain
Alain Di Megliok, korsikar hizkuntza eta kultura irakasten ditu Korsikako Unibertsitatean. @dimeglio_alain

Maiatzaren 13tik 15era mintzaldi eta mahai-inguruak eginen dira Bordelen eta Baionan, Bordeaux Montaigne unibertsitateko euskal ikasketen sailak antolaturik.

Jean Haritxelar katedraren harira astelehenean Bordelen egun osoz eginen den saioaren ondotik, maiatzaren 14an “Sorkuntza literario garaikidea euskaraz eta gazteleraz: memoriaren lana” hartuko dute gaitzat Baionan. Hizlariak Mario Santana (Chicagoko unibertsitatea) eta Iñaki Aldekoa (EHU-Euskal Herriko Unibertsitatea) izanen dira. Saioa arratsaldeko 14:00etan hasiko da, Lapurdiko hiriko Iker dokumentazio gelan.

Maiatzaren 15ean asteazkenarekin, Alain Di Meglio Korsikako ESPEko irakaslearekin bi saio eginen dira Errobiko campusean. Arratsaldeko 14:00etan XIX eta XX. mendeetan Korsikako literaturak izandako garapena azalduko du.

16:30etatik aitzina, maila elebidunetako irakasleen formakuntzaz mahai-ingurua eginen da, Di Megliok berak dinamizaturik. Euskal Herriko hiru sail elebidunetako ordezkariek eztabaidan parte hartuko dute, “Nola garatu maila elebidunetako irakasleen formakuntza?” galderari erantzunak aurkitu asmoz.