Pantailarik gabeko 10 eguneko desafioa Hergarai ibarrean

Heldu den maiatzaren 14tik 23ra hamar ekintza eginen dituzte Baxe Nafarroako ibarrean. Iragan urte hondarrean pantailek dituzten ondorioez sorturiko gogoeta taldeak sustatu du “10 egun aisi pantailarik gabe” ekimena.

Kazeta|2019/05/08 08:45|0 iruzkin
Behorlegi__wikidosia
Pantailak alboratuz, Hergarai ibarrean bada zertaz gozatu.

Azken hilabeteetan pantailek eragiten duten kaltea lantzen aritu dira Irati iparreko Hergarai ibarrean, gogoetaren esparruan nagusiki. Alta, abiapuntuan den kezka hori ez dute gogoeta hutsean utziko eta ekintzara iraganen dira maiatzaren 14tik 23ra prestatu duten “10 egun aisi pantailarik gabe” ekimenaren bitartez.

Ekintzak erabakitzeko mementoan, pantailek eragiten duten kalte bat identifikatu dute lehenik. Horien artean, irakurketaren murrizketa, idatzizko zein ahozko hizkuntza eta eskuz idaztea txartzea, oroimen gaitasuna apaltzea, zuzeneko esperientzien ezagutza mugatzea, kontsumorako gogoa emendatzea, harreman sozialen desegitea, buruz-buruko elkarrizketarako zailtasunak edota elektrizitatearen kontsumoa handitzea leudeke.

Horiei guziei buru egiteko hamar egunez desafio ezberdinak proposatu dituzte: beharrezko erosketarik ez egitea, pantailak ez erabiltzea edo ingurukoekin elkarrizketa luzeak izatea. Horrez gain, hainbat hitzorduren berri eman dute:

- Maiatzak 14, Ahatsako eskolan, 20:00etan. Nahi duen orok maite duen liburu bat aurkezten ahalko du.

- Maiatzak 15, Mendibeko eskolan, 20:00etan. Idaztea maite dutenen lekukotasunak eta idazki irakurketak eginen dira.

- Maiatzak 18, Duzunaritzeko Etxartian, 10:00etan. “L´emprise numérique” liburuaren idazle den Cédric Biaginiren mintzaldia. Ondotik, zintzur bustitzea.

- Maiatzak 19, Behorlegiko Jauregiberrian, 16:00etan. Buztingintzaren bidez ezagutza eta gaitasun transmisioa landuko dute.

- Maiatzak 21, Lekunberriko Leku Berrin, 20:00etan. Memorizazio ariketak eginen dituzte, bertsolaritza, kantua eta dantza.

- Maiatzak 25, Mendibeko Mendi Pen, 18:00etan, “10 egun aisi pantailarik gabe” erronkaren besta. Norberak bere janaria eramanez, afaria eginen da.