Joseba Aurkenerena

Aita Mari, lo egin ezazu baga soinuaz!

Aita Mari zenaren bizia oroitarazi du Joseba Aurkenerenak aste honetako eleka sailean.

Joseba Aurkenerena iruditan.
Joseba Aurkenerena iruditan.

Gogoan dut txikitan Donostiako kaitik  barrena paseatzerakoan, beti Aita Mariren monumentuarekin topo egiten nuela. Arreta handiz irakurtzen nuen estatuaren beheko aldean idatzirik den testua: Urikalduak salbatu nayaz eman zenduben biziya, / ta gaur daukazu, goitalchatuaz obiz itsaso aundiya. / Lo egin zazu baga soñuaz… o gizon maitagarriya! / onraturikan zure gloriyaz Donosti eta Kantauriya. Nire jakin-nahia asetzeko aitari galdetzen nion nor izan ote zen horko bertsoan aipatzen zuten Aita Mari hori, eta beti erantzun bera ematen zidan: Gizon handi bat, naufragioetatik jende asko salbatu zuena. Azkenean, bera ere, uhain artean hil zen galerna egun batean. Horra!

Urteetan izan dut jakin-nahi bera, bati galdetu, besteari entzun, artikulu bat irakurri… eta horrela osatu dut Aita Mariri buruz nuen informazio urria. Donostiarra naizen aldetik, nire baitan beti sentitu dut zor handi bat Aita Marirekin, eta orain, artikulu honen bidez, maitasun osoz, kitatu nahiko nuke.


1.- Aita Mariren biografia laburra.-

    Joxe Mari Zubia Zigaran Gipuzkoako itsasertzeko Zumaia herrian jaio zen 1809ko martxoaren 18an, familia arrantzale baten etxean. Aita Antonio Iñazio Zubia zen eta ama Frantziska Zigaran. Zortzi anai-arrebetan bera zen azkenaurrekoa.  Bederatzi urte zituela familiaren lanbideari lotu zitzaion Zumaian, aitaren txalupan,  lehenik, eta geroxeago, 1830. urte aldean, Ameriketarako itsasbidea hartu zuen, merkantzia-ontzietan marinel gisa aritzeko. 1850. urte aldean, Ameriketan egindako diruaz, Gipuzkoara itzuli, eta Donostian, arrantza-ontzi baten jabe egin eta patroi lanetan ibili zen baxurako arrantzan. Garai hartan baxurako arrantza txalupa izeneko ontzi txikiekin egiten zuten. Txalupek belaz eta arraunez nabigatzen zuten. Izatez zuzena, atsegina eta eskuzabala omen zen, laguntzeko beti prest zena. Maniobrarik txarrenak ere berak zuzentzen zituen beti, inoren esku utzi gabe. Bere emazteak, hiltzean, testamentuan senarra hobetsi zuen haren anai-arreben kaltetan. Joxe Marik hori jakin zuelarik, Denentzat berdin! ---esan omen zuen eta horrela banatu zuten.


2.- Galernen aurka borrokatuz.-

1861eko uztailaren 22ko galernak San Juan txalupa Zurriolako labarren aurka zeraman. Halako batean, olatuek eskifaiako hiru marinel itsasora bota zituzten. Joxe Marik bere txalupa hartu, bederatzi marinelekin, eta haiengana joan zen. Olatuen aurkako borroka luze eta latz baten ondoren hiruak salbatu zituzten, geroxeago, lehorrean zirela, horietako bat zendu bazen ere. Hori dela eta, agintariek dominaz saritu zuten. Salbamendu adoretsu honek ospe handia eman zion donostiarren artean.

Bost urte beranduago, hau da, 1866ko urtarrilaren 9an, galerna handi batek Gipuzkoako kostaldea jo zuen. Baziren Donostiako badira sartu nahian zebiltzan bi ontzi txiki. Getariako Elkano I eta Elkano II izenekoak ziren. Urgull menditik donostiarrek gertatzen ari zena ikusi eta zorigaitzeko berria laster zabaldu zuten Donostia osoan. Denak begira, laguntzeko zer egin ez zekitela zeuden bitartean, Aita Mari, ---edo Mari, horrela deitzen baizioten itsasgizonek---  lau marinelekin batera,  txalupa prestatu eta itsaso zakarrera abiatu ziren. Bitartean, Urgull menditik donostiarrek arreta handiz begiratzen zuten. Getariako itsasontzietara hurbiltzen ari zirela, olatu bortitz batek txalupa irauli zuen. Txalupan zihoazen bost gizonetatik, lau salbatu ziren, bosgarrena, Aita Mari, olatuen artean desagertu zen, itsasoak betiko irentsirik. Getariako bi ontzietako marinel guztiak ere hil ziren, osora hogeita hemezortzi gizon.


3.- Aita Mariren oroimena.-

    Aita Mariren izena kondaira bilakatu zen Donostiako eta Zumaiako arrantzaleen artean. Donostiarrek estatua txiki bat eraiki zioten kaian. Bertan, honela irakur zitekeen Donostiako euskaraz idatzita: Mari, Aita Mari! hamaika bizi osatu zuk itxasoari! Itxasoak baña, bere amorruetan zerori ordaña, Mari! Gure Mari!

    1900. urtean, estatua txiki hori beste handiago batez ordezkatu zuten, eta hauxe da nik txikitan Donostiako kaian ikusten nuena eta gaur hortxe segitzen duena. Lehen estatua txiki hura Mariren iloba bati eman zioten, eta honek Zumaiako herriari eman zion. Udalak Zumaiako eskoletako eraikinean kokatu zuen, eta gaur hor dago denon ikusgai. Donostiarrek ezarritako monumentu berrian arestian aipatu dudan bertsoa idatzi zuten:
Urikalduak salbatu  nayaz eman zenduben biziya, / ta gaur daukazu, goitalchatuaz obiz itsaso aundiya. / Lo egin zazu baga soñuaz… o gizon maitagarriya! / onraturikan zure gloriyaz Donosti eta Kantauriya.


    Horretaz gain, 1917an, Donostiako udalak Kaiaurreko kalea deitzen zena Mari kalea izenaz birbataiatu zuen. Badira ere, Santa Maria elizan bataiatutakoei ematen zaien joxemaritarra goitizena arrantzale honen izenetik datorrela esaten dutenak. Bere jaioterrian, Zumaian, ere, kasko zaharreko kale bati Mari kalea izena jarri zioten. Geroxeago, zumaiarrek auzo berri bat arrantzalearen izenaz bataiatu zuten, Aita Mari auzoa. Gaur egun, auzo horren ondoan den futbol zelaia izen beraz ezagutzen da, baita herriko zinea ere. 1975ean, Zumaian,  Aita Mari Arraun Elkartea sortu zuten.

    Ikusten duzun bezala, irakurle, Aita Mariren oroitzapena ongi sustraiturik gelditu da bai Donostian eta bai Zumaian, bi herrietako biztanleek ez baitute inoiz ahantzi arrantzale adoretsu hark besteen bizitza salbatzeko zuen prestutasuna. Haren oroitzapenez prestatu dute Aita Mari izeneko itsasontzia Mediterraneoan noraezean dabiltzan migratzaileak laguntzeko. Haren gustukoa izanen zelakoan nago. Nik, nire aldetik, uste dut artikulu txiki honen bidez, nolabait kitatu dudala haurra izan naizenez geroztik, Marirekiko sentitu dudan zorra.  Lo egin zazu, Mari,  baga soñuaz… o gizon maitagarriya!