Euskal mariñelak Danimarkako inguratze arrantzaren kontra

Loirako Herrian matrikulatua den eta Danimarkako inguratze arrantzaren teknika erabiltzen duen itsasontzi baten lanaren kontra jo dute Lapurdiko arrantzaleek. Konkurrentzia desleiala salatu dute. Loirako Herria eta Akitania Berriko eskualdea bildu egin dira aterabide bat atzemateko asmoz.

Kazeta|2019/05/06 13:47|0 iruzkin
Getaria-bonito
Arrantza tradizionala baino ez dadila izan aldarrikatu dute Lapurdiko arrantzaleek. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Danimarkako inguratze arrantzaren teknika erabiltzen duen itsasontzirik ez dute nahi Lapurdiko arrantzaleek. Itsasontzi horietako bat galarazi dute apirilaren 15eko gauean, bere zama askatu nahi zuenean Donibane Lohizuneko portuan, eta geroztik, haien kexua behin eta berriz adierazi dute. Konkurrentzia desleiala salatu dute, haien ustez teknika horrekin arrain gehiegi harrapatzen delako. Itsasontzi horiek Loirako Herrian matrikulatuak direnez, hango ordezkari batzuekin bildu da Akitania Berriko delegazio bat apirilaren 25ean, Parisko Laborantza ministerioan, aterabide bat aurkitzeko asmoz.

"Mementuko erabaki ofizialik ez da hartua izan", jakinarazi du Departamendu arteko itsas arrantzaren komiteko presidentea den Serge Larzabalek. "Heldu diren hilabeteetan bilduko dira berriz eskualdeak, baina Estatuak erran du nahi zuela fite trenka dezagun auzia."

Lapurdiko arrantzaleentzat konponbidea erraza da. Euskal kostaldean arrantza tradizionala baizik ez dadila onartua izan nahi dute. Duela bi aste itsasontzi horren kontra jo dutenetik, arazo berririk ez dute izan.