Kazeta

Xiberoa bere gaitasunak garatzeko lanean

Xiberoak langile kualifikatuen eskasia du. Joera hau aldatzeko, lurraldeko aktoreak ekimenak garatzen ari dira, bereziki gazteak formatu eta helduagoen birmoldaketan zentratuz.

Xiberoko eragile ekonomikoak bilkura batean. (Odace Soule)
Xiberoko eragile ekonomikoak bilkura batean. (Odace Soule)

“Ezin ditut pertsona prestatuak aurkitu. Ondorioz, proposamen guzietara idekia naiz. Ulertezina da. Euskal Herrian langile berriak hartzeko zailtasun handiak ditugu”, dio Philippe Arthapignet enpresaburuak. Arthapignet Altzariak enpresak zurgin ebanista lanerako lan deialdi bat egin zuen apirilaren hastapenean. Kontrataziorako sare guziak behatu zituen, Pole Emploi, Odace, Azia...

Ez da erraza sukaldeak, mahaiak... egiteko 3D planoen diseinurako espezialistak atzematea. “Pays de Soule lizeoko ikasleei ateak idekitzen dizkiet erregularki. Kontrolagailu numerikoak ditugu enpresan... Langileen eskasia arazo bat bere garapenerako. Ez nire garapenerako, enpresa beraren biziraupenerako baizik”, dio enpresaburuak.

Aitzitik, Philippe Arthapignet ez da Xiberoan alarma piztu duen enpresari bakarra. Berez, herrialdeko enpresa ainitz beren beharretara egokitzeko konpetentziak aurkitzeko borrokan ari dira. “Hemen beteak ez diren 100 eta 150 lanposturen artean ditugu. 4.500 lanpostuko multzo batean, kopuru handia da”, adierazi du Urdiñarben eko-eraikuntzan espezializaturiko Etxe Berri eraikuntza enpresaren buru den Jean-Jacques Etcheverryk. Bera Xiberoko enpresak laguntzeko Odace guneko lehendakariordea ere bada.

Industriaren pisua, baina langile falta

2018an Euskal Herriko Behategi Ekonomikoak Ipar Euskal Herrian 48.243 enpresa zenbatu zituen egindako erroldan. Horietarik %5 Xiberoan kokatzen da. 143.440 lanpostuen %4 da hori. Industrian eta eraikuntzan dago langile eskasiarik handiena. Zerbitzuetako lanpostuak %41 diren bitartean, industriak ekonomiaren bigarren lekua hartzen du, %23arekin. Horrek erakusten du Xiberoan duen pisua. Laborantza %15arekin hirugarren postuan da, laugarrenean merkataritza (%9), ondotik eraikuntza (%8) eta azken lekua turismoak du (%4). 

Frantziar Estatuko bataz bestekoarekin alderatuz, Xiberoan langabezia tasa apalagoa da, %7 baita. Usu lana xerkatzen duten pertsonen profilak ez du bat egiten enpresek eskatzen dutenarekin. Ondorioz, lurraldetik kanpo lana xerkatzen dute ainitzek, lehenik hurbilekoetan, Biarnon erraterako. Kasu hauetan langileek joan-jinak egin behar dituzte etxetik lanera.

Euskal Herriko Behategi Ekonomikoaren arabera, Xiberoko aktiboen %74 (3.697) herrialdean lanean ari dira. Beste 849k Biarnora jotzen dute, 520 biarnotar Xiberora jiten diren bitartean. Azpimarragarria da ere 249 xiberotar Amikuzera doazela lanera.

Langileen xerka, kanpora

Xiberoan eta inguruetan langilerik topatzen ez zuenez, Jean-Jacques Etcheverryk hargin postu baterako konpetentziak muga horietatik kanpo bilatu zituen. “Langile bat hartu nuen Boncoin bitartekariaren bidez! Amienseko bikote bat, bere bi haurrekin. Aitak igeltsero lauzatzaile gisa lan egiten du Urdiñarben. Amak Spie Aeron lanpostu bat aurkitu du”, dio. Biztanle berrien integrazioa ere ez da erraza izaten.

“Gure lurraldearen erakargarritasuna lantzeko lanean ari gara”, adierazi du Etcheverryk. “Bizi molde hauek kanpotik datozenak bertan gelditzeko eta Bordelen, Tolosan edo Pauen ikasten ari diren gazte xiberotarrak itzultzeko erakargarria izan behar da”. Edozein gisaz, enpresariek ulertzen dute gazteek denboraldi batez beren jatorrizko herrialdea utzi eta bide berriak bilatzea.

Subli-Concept enpresak bide bera segitu zuen, bere ehungintza gunean bi jostunek Xiberotik kanpo lortu baitituzte beren konpetentziak. Marcellek Frantziako iparraldean egiten zuen lan, ehungintza enpresa handi batean. Xiberoko lanpostuan duela hamar urte instalatu zen. Errumaniako Laura berriz, 2014an integratu zen, espartinen fabrikazioan esperientzia bat izan ondotik.

“Xiberoan ez da ehungintza industriarik”, dio enpresaren buru den Adrien Begueriek. “Espartinen jostea ehunen aldean aski ezberdina da. Langileak hartu behar baditugu, herrialdetik kanpo egin behar dugu”, berretsi du. Enpresariarentzat damugarria da lizeoetako erreforma ezberdinen ondorioz “sektore teknologikoak desagertu izana”.

Ate idekiak eta gazteak helburu

Xiberoko ikasle formatuak kaptatzeko garapen ekonomikoan ari diren aktoreek beren ahaleginak egiten dituzte, baita Akitania Berritik heldu badira ere. Pays de Soule lizeoan, 140 ikasletik 60 xiberotarrak dira. Euskal Elkargoak eta Baionako Industria eta Merkataritza Ganbarak lagunduriko Odacek eta Aziak, enpresetan ate idekiak antolatu ohi dituzte, bai kolegio nahiz lizeotako ikasleentzat, bai familientzat. Hala egin zuten joan den apirilaren 17an ere.

Gisa horretan gazteak eta burasoak usu ezagutzen ez dituzten enpresetara joaten dira. Asteazken horretan abantzu 11 oren eman zituzten Elkar ingeniaritza enpresan. 2005ean Beñat Elkeragayrekin batera enpresa sortu zuen Jean Carriquiribordek egin zien harrera. Bi lagun hauek Pays de Soule lizeoan ikaskide izan ziren. Egun, Elkarrek 32 langile ditu, 24 Maulen, 4 Baionan eta beste 4 Gipuzkoako Ordizian.

Carriquiribordek instalazioen bisita gidatu eta aktibitate ezberdinak azaldu zituen. “Egun polita izan zen”, dio bere aldetik Etienne Jaladot Azia elkarteko kideak. 60 pertsona inguruk parte hartu zuen. 1998an gazte xiberotarrek sorturik, elkarteak gazteei eta herrialdeari begira lan egiten du.

“Aziaren proiektu bakoitza diagnostiko batekin hasten da. Gazte talde bat laborantzan gazteak bertan instalatzeko lanean hasi da. Ikuspegi sozial batekin. Azterketa enpiriko baten ondotik, uda honetan gazte laborariekin bilduko dira”, azaldu du. Proiektuak ekintzak zehatzak izanen ditu. Bestalde, Aziako beste gazte batzuk emaitzak izan dituzten ekimenak plantan eman dituzte. Horren lekuko da PIJ izena hartu duen elkartea. Gazteendako informazio puntu bat da. Kolegioetako eta lizeotako ikasleak informatzen ditu, ikastaldiak egiten lagundu, betiere eskolaz kanpo.

2018an Xiberoko Lan Gida argitaratu zuen Aziak. Ekonomiari buruz, sektoreez eta lan eta garapen perspektibez informazio andana bat bildu zuten. Gida hori euskaraz eta frantsesez idatzia da eta zehaztapen gehiago behar lituzke, herriz herri. “Xedeetako bat da gazteak hemengo lanbideetara gidatzea”, erran du Etienne Jaladotek. Gisa berean, Xiberoko ekonomian diren klixeak eta gizonei eta emazteei zuzenduriko lanbideen estereotipoak deseraiki nahi lituzkete.

Odace, Xiberoaren bihotzean

“Bakoitzaren misio eta ekintzak definitze aldera, gogoetan ari gara Euskal Elkargoarekin, Baionako Industria eta Merkataritza Ganbararekin eta herrialdeko Indar, Aldatu eta Odace babes guneekin”, dio Jean-Jacques Etcheverry Odaceko lehendakariordeak. 1901 legearen baitako elkarte xiberotarrak enpresaburuak, Euskal Elkargoko hautetsiak eta Merkataritza Ganbarako aholkulariak biltzen ditu.

Hiru dira dituzten misioak. Lehena, ekonomikoa: herrialdeko proiektuei harrera egin eta babestea, ikuspegi kolektibotik (formazioa, informazio bilkurak...) enpresak laguntzea edota permanentzia juridikoa ematea. Bestetik, animazio ekonomikoan diharduten elkarteei zerbitzua eskaintzea, eta hirugarrenik, tokiko garapenerako misioa legoke, lan partekaturako espazioa den proiektua, beste eragile batzuekin, Aziaren lan gida... Odacek orotara 165 enpresa biltzen ditu.

Mobilizazioa postu bat kentzearen kontra

Apirilaren hastapenean Pays de Soule lizeoan borrokan ari ziren. Bordeleko errektoretzak heldu den irailerako gakoa den postu bat kendu nahi baitu. 2016 urtera arte DDFPT izena zuen postuak formazio profesional eta teknologiko zuzendari delegatuaren funtzioa hartzen du, eskolaren eta inguruaren arteko harremana sustatuz. Postu horren kentzea iragarri zelarik, ikasleak eta enpresariak mobilizatu egin ziren, apirilaren 5ean eraikinaren aitzinean protesta eginez.

Hautetsien babesarekin, Jean-René Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak Bordeleko Akademiako errektore den Olivier Dugripi gutun bat igorri zion. Bertan postu horren mantentzea galdegin zuen. Odace, Baionako IUT eta Euskal Elkargoa 2020 bitarte mekatronika lizentzia bat sortzeko hilabeteetan lanean aritu izan dira. Helburua: formazio honetarako aplikazioak sortzea, bai bertatik edo beste lekuren batetik, baina funtsean, Xiberoko enpresen langileen beharrak asebetetzeko xedez.

Eskoletako oporrek mobilizazioak apaldu badituzte ere, azken hitza ez da errana. Aktoreek laster bilkura izanen dute Max Brisson senatariarekin. Eta maiatzean errektorearekin biltzekoak dira, justuki Xiberoan kargua mantentzeko petizio bat abian jarriko den memento berean