Bizirik dirauten gaitzen ispilu

Maiatzaren 8an Ipar Euskal Herriko eta Frantziar Estatuko zinema geletan estreinatuko du “Black is Beltza” Fermin Muguruzak. Arrazakeria, faxismoa, kulturen arteko solasaldia eta hizkuntzen defentsa jorratzen dituen ekoizpenak hausnarketarako balio duela azaldu dio KAZETA.EUSi.

Iurre BIDEGAIN|2019/04/26 07:30|0 iruzkin
Loading player...

Azkenean Ipar Euskal Herriko zinema geletara ailegatuko da "Black is Beltza". Sei hilabete pasa dira jada Fermin Muguruzak animaziozko filma Donostiako Zinemaldian estreinatu zuenaz geroztik. Nahiz eta berak, beste hainbat zinegilek bezala, lehenago ekarri nahi izan, Frantziar Estatuko legea oztopo izan dela deitoratu du. Behin eta berriz errepikatzen den egoera euskal zinemagintzan. Hala ere, maiatzaren 8an estreinatuko du Ipar Euskal Herriko hamar bat zinema gelatan zein Frantziar Estatuko beste hogeitan, gaur egun oraindik agerikoak diren problematiken erakusleihoa den filma.

Nahiz eta estreinaldi ofiziala maiatzean iraganen den, hiru aurre-estreinaldi egin ditu jada Fermin Muguruzak Ipar Euskal Herrian, martxoaren 30 eta 31n Baionan, Donibane Lohizunen eta Donibane Garazin izan baitzen. Baionako emanaldian The Sey Sisters taldeak parte hartu zuen eta sarrera guztiak saldu ziren. Jendeak filma ikusteko zuen gogoaren seinale.

Badira ia hamar urte Muguruza bera eta Harkaitz Cano idazlea Iruñetik New Yorkera joandako erraldoien istorioa lantzen hasi zirela. Jorge Alderete marrazkilariaren laguntzaz erraldoien konpartsak bizitakoa komiki baten bidez islatu zuten. Ondotik, musika, bideo eta komikian oinarritutako erakusketa plantan eman dute. Etorkizunari begira, DVDa bera ateratzea falta zaiola dio artistak.

Abentura eder honen abiapuntua Euskaldunon Egunkariako artikulu bat da. Hain zuzen, bertan 1965ean erraldoi nafarrek New Yorken bizitakoa azaltzen zen. Hain zuzen, garaian, erraldoi beltzak desfilean parte hartzeko debekua jasan zuen. "Black is Beltzak" garaiko arrazakeria, hizkuntzaren defentsa, faxismoa eta kultur aniztasuna ditu hizpide, besteak beste. Nahiz eta garaiko problematikak izan, gaur egun ere irauten dutela uste du Muguruzak. Hori dela eta, filmarekin ongi pasatzeaz gain, hausnartzeko une bat eskaini nahi duela azpimarratu du.

Hilabete luze hauetan, Kolonbian, Brasilen, Kuban, Suedian zein Italian aurkeztu du ekoizpena kantariak. Maiatzean Taiwan helmuga izanen duela dio. Lorturiko babesa eta arrakasta dela eta, oso pozik dagoela aitortu du. Gutxiago falta da arrakasta hori Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberora ere heltzeko.