Kazeta

Apirilaren 26an lanuztea eginen da Angeluko Geant Casinon

Ostiral honetan, 9:30tatik 11:30ak arteko lanuztea eginen dute hipermerkatuko langileek. Gisa horretan, saltegia Leclerc-i saldu izanaren ondorioak salatu nahi dituzte. Ekainaren 1ean berriz hastea aurreikusten bada ere, langileek oraino ez dakite itxieraren datarik ere.

Biarritzeko Leclerc-en jabeak ekainaren 1ean idekiko du erosi duen Angeluko Geant Casino saltegia. © Guillaume FAUVEAU
Biarritzeko Leclerc-en jabeak ekainaren 1ean idekiko du erosi duen Angeluko Geant Casino saltegia. © Guillaume FAUVEAU

Jean-Charles Naouri Casino markaren presidente-zuzendari nagusiak “errentagarriak ez diren” sei saltegi handi saltzea deliberatu du, horien artean Angeluko Geant Casino, zeina Leclerc markak erosia izan den. Operazio horren iluntasuna eta informazio eza salatzeko eta egoera honek eragiten duen ondoeza adierazteko, CGT, CFDT eta FO sindikatuek apirilaren 26an lanuztea deitzea erabaki dute.

Angeluko langileei urtarrilean jakinarazi zitzaien berria. Saltegian CGTren ordezkari den Valerie Etcheverryrentzat “kolpea” izan da. “Batzuk erretretatik hurbil ziren. Baina guzientzat da zaila gauetik goizera saldu gaituztela jakitea”, dio. “Lana atxikiko dugula erraten zaigu. Baliteke, baina jadaneko ez gara talde bateko kide izanen, partikular batek erosi baitu. Talde mailako akordioak genituen eta orain ez dugu gehiago onurarik izanen, hitzarmena kolektiboan abantzu guzian gibelera eginen baita”, azaldu du arranguraz.

“Pausa denbora murrizturik, erretretan sartzeko mementoan hilabete bateko sariaren galera, txekerik ez laneko dominarengatik..." Etcheverryk ez du buruan salmentaren ondorioen zerrenda osoa, baina deitoratu duenez, “gauza ainitz galduko ditugu”. Alta, langile guziek segituko dute, eroslearen obligazioa baita. “Ikusiko dugu zer gertatzen den”, dio sindikalistak mesfidati, baina Casinok bere langileen egoera ez duela kontuan izan uste du.

Apirilaren 26an beste lekuetako kideak Angelukoak babestera heldu direla iragarri dute, guzion artean “ondoan gertatuko den oro salatzeko”, biltegien eta Casinok Saint-Etienne hirian duen egoitza administratiboaren geroari erreferentzia eginez.