Zerbitzu publikoen aldeko elkarretaratzea Hendaian

Ogasun bulegoaren eta hondartzako posta bulegoaren hetsierak arrangura piztu du Hendaiako herritarren artean. Hurbileko zerbitzuak atxikitzearen alde sorturiko kolektiboak elkarretaratze bat antolatu du apirilaren 24rako.

Maite UBIRIA|2019/04/23 14:07|0 iruzkin
Capture_d_e_cran_2019-02-27_a_07.50.39
Hendaiako hondartzako posta bulegoaren aldeko elkarretaratzea antolatu zuten otsailaren 22an. ©Iurre Bidegain

Maiatzaren Lehena kari sindikatuek eta eragile sozialek Ipar Euskal Herrian kalera aterako duten aldarrikapen nagusienetarikoa den zerbitzu publikoen defentsa bere gain hartuta, hurbileko zerbitzuak atxikitzearen alde sortu den kolektiboak asteazken honetan protesta egiteko deia luzatu du, Naiz atariak azaldu duenez.

Hendaian merkatu eguna izanik, bihar berriro ere herritarrengana joko dute kolektiboko kideek hurbileko zerbitzuen desagerpenak izanen dituen ondorio txarraz ohartarazteko. Informazioa banatu ostean goizeko 11.00etan elkarretaratzea eginen dute Herriko Etxearen aitzinean.

Hartara, bere populazioa azkarki emendatu duen hirian bata bestearen atzean zerbitzuak desagertu direla salatuko du kolektiboak.

Kolektiboak gogora ekarri duenez, polizia-etxea Donibane Lohizunera eramana izan ondoren, Herriko Etxearen aurrean zegoen Ogasun bulegoak bere ateak itxi egin zituen eta horren ondotik Aubepines karrikan zegoen hondartza auzoko posta bulegoa desagertu egin zen.

Babesak

CGT eta Sud PTT 64 sindikatuek eta Hendaiako txaleko horien mugimenduak bultzatu dute dendarien elkartearen eta Alderdi Komunistaren babesa duen deialdia.