Kronika
 
Korridore eta mahai artean, liburuek kalakarekin egiten dute bat Saran

Beste urte batez, idazle eta irakurleen topagunea bilakatu zen Sarako kiroldegia apirilaren 22an. Idazleen Biltzarraren lehen egun arrakastatsuak estreinakoz gaur ospatuko den profesionalen egunarendako bide ona markatu du.

Idoia ERASO|2019/04/23 13:47|0 iruzkin
Med_idazleenbiltzarra_sara_gfauveau1
Berritasunekin batera, azken urteotan argitaratu dituzten lanak ere salgai jartzen dituzte idazleek. ©Guillaume FAUVEAU

Ohiko azoketatik bereizten du idazleen etengabeko presentziak, eta horrek Ipar Euskal Herriko kulturaren ordezkaritza zabalaren elkargune eta trukaketarako leku aproposa bilakatzen du Sara, bi egunez, Garako artikuluak azaldu duenez. Horrela izan zen atzokoan ere, aretoko pasilloetan barna betiko ezagunak agurtzen eta proiektu berri eta zaharrak aipatzen ikus baitzitezkeen sortzaileak.

Besteak beste, han ziren Itxaro Borda idazlea eta Mattieu Haramboure musikaria, elkarrekin egin dituzten eta egiteko dituzten proiektuei buruz mintzatzen. “1615” kontzertu-errezitalaren proiektua partekatu zuten, idazle ezagunaren hitzei musika ezarri zielarik Haramboure kide duen Hinka taldeak. Azken momentuko berria atzo jakin zen korridoreen artean, lan horren filma sortuko baitute, «egindako lana ez galtzeko». Grabaketa maiatzean hasiko da, eta hiru hizkuntzetan izanen da.

Horrez gain, bere azken liburua aurkezten ari zen Borda, “Ces lieux qui nous racontent le Pays Basque”. Artza argitaletxearen eskutik Euskal Herriko 27 leku aurkeztu ditu idazleak modu «ironiko, historiko eta geografikoan». Jende mota ororentzat dela azpimarratu zuen, eta Euskal Herriko zazpi lurraldeetako guneak direla gaineratu zuen.

Azken lan hori Artzarekin argitaratu badu ere, idazle amikuztarraren bularrean Maiatz elkarte-argitaletxearen pina ikus zitekeen. Horri buruz galdetzean, «ene bizitzaren historia zati bat da», aldarrikatu zuen. Azken hamarkadetan Ipar Euskal Herriko euskarazko literaturaren gordailua, eta bereziki, sustatzailea izan den Maiatzek urteko berritasunak ekarri zituen atzo ere.

Lucien Etxezaharretak, elkartearen lan ugarien artean, azken hilabeteetako emaitzak zituen mahaian. Duela bi urte hil zen Mayi Peloten olerki, ipuin eta eleberri guztiak biltzen dituen liburua da horietariko bat. Zientzia fikzioa euskaraz idazten aitzindaria izan zenari omenaldia egin nahi izan diote horrela. Bestalde, Gillom Irigoyenen “Garazin antzerki 1” liburuan, idazleak sortutako zazpi antzerki eta tobera bat biltzen dira.

Haramboure, Bordarekin elkartzeko ez ezik, bere aldetik ere azken diskoak, eta hain berriak ez direnak, ezagutaraztera hurbildu zen Sarara. Maddi Zubeldiaren “Zimurrak baleki” disko atera berria aurkeztu zuen. Idazle ere baden kantaria Elkarren mahaian zen bien bitartean, argitaratu berri duen “Erran gabe doa” eleberria aurkezten ari baitzen bertan.

Disko zaharragoen artean Mixel Ducau eta Caroline Phillipsen Bidaia taldearen obra zuen mahai gainean. Phillipsek berritasun gisara dakarten bideokliparen berri eman zuen. Eta aldi berean, Sarak duen garrantzia azpimarratu zuen: «Mundu ezberdinetako jendea etortzen da Biltzarrera, eta inportantea da hori mantentzea».

Aldiz, ez zen hain baikor agertu mahai-lagun zuten, “Le jeu de role Dystopique” aurkezten ari zen egilearen presentziarekin: «Hemen euskaraz diren obrak edota hemengo gauzei buruz ari direnak izan behar dira, ez horrelakoak». Izan ere, rol joko bati buruzko lana aurkeztu zuen Kassorrek, Biltzarrean inoiz ikusi gabea. Bere irudia agertzen zuen pankarta handi baten azpian, 2004an Interneten sareratu zuen jokoaren oinarri duen liburu argitaratu berria zuen salgai atzokoan. Phillipsek aipatu ezaugarriekin ez zuen bat egiten idatziak, Euskal Herriarekin zuen lotura bakarra autorea beskoiztarra izatea baitzen.

Lapurdiko hitzorduko kontrasteen erakusle gisara, Kassorren ondoan Allande Etxart idazle zuberotarrarekin mintzatzeko parada izatea. Idazleak bere lurraldeko euskalkian bertako gertakarien berri ematen duten obrak aurkeztu zituen. Horien artean ere aniztasuna zuen Etxartek irakurgai. Lehenagoko obra duen “Matalaz ez balitz zaldiz agertü”, obra historiko-erromantikoarekin batera eleberri beltza zuen plazaratzen: “Garindainen txülüla ezagün zen”.

Eleberri beltzaren estiloa atxikiz, berezitasuna dakar zuberotarrak, izan ere, 1689an Garindainen izandako erailketa baten berri ematen du. Artxiboetan begira ari zela, gizon bat tiroz hila izan zela, eta hiltzailea ez zela atzemana izan azaltzen zuten dokumentu anitz eskuratu zituen, eta horri fikzioa gehituz, nobela bilakatzea deliberatu zuen: «Nire lehen eleberri beltza da, eta seguruenik azkena, gaia atzeman behar baita horren inguruan».

Euskaraz zein frantsesez aspalditik idazten duten autoreen kokagune den Sarako esperientziaz aritu zen Fred Fort. Berak idatzitako hogei bat obra zituen mahaian, eta produkzio horren sorreran Biltzarra beti bidelagun izan duela nabarmendu zuen: «Hastapenetik hemen naiz. Antolakuntza aldatu egin da, baina izpiritua atxikitzen du. Normalean ikusten ez dugun jendea atzemateko tokia baita, arras atsegina da, gainera Ipar Euskal Herrian den ia bakarra da, duela bi urte Kanbon sortu zen azoka ttipia kenduta». Mahai gainean zituen obren artean “Poesies pour enfants petits et grands” zuen berriena.

Mintzaldiak eta haurrak

Eraikin nagusiaren ondoan, karpa handi batean, gai ezberdinetan sakontzeko aukerarekin batera, jolasean aritzeko parada eskaintzen zuten, elkarren ondoan baitziren emanak mintzaldien xokoa eta haurrena.

Hainbat jakintza arlotako hitzaldiak izan ziren. Bestalde, betiko hitzorduari jarraipena emanez, Euskaltzaindiaren eskutik liburu aurkezpenak izan ziren: Battittu Coyosen “Euskara batua eta Ipar Euskal Herria 1964-2018”, Jakes Sarrailleten “Janpierra Lexardoarteren bizitzea edo Basabürüaren trajeria” eta Xabier Elosegiren “Le Dauphin: 1757ko gutuneriari buruzko osagarriak eta gogoetak ‘Othoi çato etchera’”. Gero, Aranzadik argitaratu “Jornadas sobre las calzadas romanas de la Antigüedad” obra idatzi duten Juan Mari Martinez Txoperena eta Rafael Zubiria Mujikari 2018ko Ikuska saria eman zieten.

Goizeko lehen orduan, Lapurdi 1609 elkarteak argitaratu duen “1813-1814 Euskal Herria suntsitua” liburuaren bertsio berritua aurkeztu zuen Mixel Mendibourek. Mintzaldi honek, eguerdian (Biltzarrarekin elkarlanean, baina paraleloki) aurkeztu zen “1813-1816 ahantzi ezina” oroitarriaren estreinarekin egiten zuen bat. Iñaki Iriart eskultorearen obra kiroldegitik minutu gutxi batzuetara dagoen Suharriaga lorategian eman zuten. Hamarnaka auzapez, hautetsi eta gizarte zibileko kide bildu ziren, memoria historikoa berreskuratzeko bidean Napoleonek Euskal Herrian egin zituen sarraskiak gogoratzeko.