Hendaiakoop herriko etxearen babesarekin estrainatua

Kotte Ezenarro auzapeza buru zuen Herriko Etxearen ordezkaritza anitzak hartu du parte, gaur eguerdian, Hendaian bere ateak zabaldu dituen Hendaiakoop denda kolaboratiboaren irekitze ekitaldian. Portu karrikako 127 m²ko lokal batean plantatu da.

Maite Ubiria|2019/04/22 14:50|0 iruzkin
Med_hendaiakoop_hendaia_gfauveau3
Herritarren gogoa eta herriko etxearen asmoa gurutzatu dira Hendaiakoop proiektuan. © Guillaume FAUVEAU

Ehun eta hogei bazkideren sostenguz martxan jarri da Hendaiakoop saltoki berria. Hendaiako Herriko Etxeak elikagaien zirkuitu laburra sustatzea xede duen herri egitasmoa hasieratik babestu du, "hiri barnea eta tokiko ekonomia biziarazteko" bere helburuarekin bat etortzen delako.

2014. urteaz geroztik Herriko Etxeak hainbat ekintza plantan eman zituen Hendaiako hiri erdigunea eta bertako merkataritza sarea sustatzeko. Dinamika horren baitan Portu karrikaren 10. zenbakian kokatzen den 127 m2ko lokala erosi zuen.

Bestalde, elikagai osasuntsu eta bertakoak banatzeko egitasmoa gorpuztuz joan zen herrian, iazko ekainean Hendaiakoop elkarteasortu arte.
Modu batean edo bestean tokiko ekonomia berpiztea xede duten egitasmo anitz jarri dira martxan azkenaldian, demagun Ezpeletan edota Urruñan.

Otsokoop, eredu

Egun 120 bazkidek osatzen duten Hendaiako kooperatiba berriak Baionako Otsokoop proiektua eredu izan du. Azken hilabeteetan lan eskerga egin dute elkartea egituratzeko, lehenik eta behin, eta azken asteotan bereziki Portu karrikako 10. zenbakian aspalditik hutsik zegoen lokala atontzeko.

Myriam Handy, Jose Rodriguez eta Fernanda Dupuy elkarteko buruen ondoan Kotte Ezenarro auzapez sozialista eta Iker Elizalde ekonomia gaietarako arduradun eta EH Baiko kidea izan dira, Herriko Etxearen ordezkaritza anitz baten baitan, gaurko irekiera ekitaldian, Naiz-ek kontatu duenez.

Auzapezak bi borondateen arteko guratzatzea gertatu dela nabarmendu du, hiri erdigunea biziarazteko nahikeria, alde batetik, eta herritarren gogoa kontsumitzeko era arduratsua garatzeko, bestetik.

Herritarren arteko lotura

Finean, elkarteko lagunek gaurko ekitaldian aitortu dutenez, "saltegia zabaltzearekin batera, jendeen harrera lekua nahi dugu eskaini, hendaiar eta elkarte orori ateak zabaldu".

Ekonomia iraunkorraren aldeko hautua eginez, Herriko Etxeak urririk eskaini du lokala 2019ko abenduaren hondarra bitartean eta horren ondoren elkarteak alokairu bat ordainduko du.

Egun 60tik gora hornitzailek lan egiten dute Hendaiakoop-ekin batera ia 300 bat mozkin proposatuz, gehienbat elikagaiak baina baita premiazko salgaiak ere.

Urrunen diren ekoizleak Gipuzkoa edo Nafarroan kokatzen dira, askoz jota Hendaiatik 50 kilometrotara. Hendaiakoop-ek bidezko prezioak proposatuko dizkie hornitzaileei eta merkatuarekin alderatuz prezio apalagoak eskainiko dizkie bere bazkideei.

Bazkide izateko aukerak

Elkarteko kide iraunkorki izateko 100 euro behar dira ordaindu eta lau astetik behin hiru oren lan egin, beti ere bazkidearen gaitasun eta denbora aukerak aintzat hartuta.

Behin-behineko kidetza hautatzeko aukera bada ere. Hiru hilabeterako kidetza egitea erabakiko duen jendeak, behin epe hori gaindituta bi aukera izanen ditu, edo kooperatiban jarraitzea edo elkartea uztea. Bigarren kasuan 70 euro berreskuratuz.

Saltegian proposatuko diren mozkinak eskuratu ahal izateko bazkide izan behar bada ere, lagun arteko bisitak antolatzea aurreikusia da, herritarrei denda erakusteko eta, bide batez, bazkide berriak egiteko aukera zabaltzeko.

Hasiera batean saltegia elkarte kideen artean kudeatuko dute. Hori dela eta lokala astean sei egunez izanen da zabalik, gutxienez hiru orduz. Astelehen eta asteartetan 17.00etatik 20.00etara zabalik izanen da denda kolaboratiboa, asteazken eta ostegunetan 10.00etatik 13.00etara eta 17.00etatik 20.00etara, ostiraletan 17.00etatik 20.00tara eta, finean, larunbatean, 10.00etatik 13.00etara.