Aberri Egunak indarrak batu ditu Donibane Garazin

Mila bat pertsonek aldarrikatu dute euskal aberria Baxe Nafarroako hiriburuan.

KAZETA|2019/04/22 09:10|0 iruzkin
Guz_aberrieguna_donibanegarazi_gfauveau1
Euskal Herria Baik antolatu du Donibane Garaziko hitzordua. © Guillaume FAUVEAU

Goizak aurrera egin ahala giroa berotzen joan da Donibane Garaziko merkatu estalian.  Jendea gustura aritu da kalakan manifestazioa noiz abiatuko zain egon bitartean. Ikurrina handi bat zabaldu, eta gazte eta helduen artean eraman dute kalez kale.

Eguerdian atera dira manifestariak eta Zitadella karrikan barna aitzinera egin dute, Naiz-ek kontatu duenez. Ibilbidea amaitutakoan, Anita Lopepe EH Baiko bozeramaleak bere hitzartzeari ekin dio, Iruñean bildutako milaka eta milaka lagunei besarkada beroa helaraziz.

"Aberri Eguna hemen lan eta bizi dugun herritarren eguna da", erran du. Eta "hemen eraiki, hemen erabaki" egikaritzeko engaiamendua berretsi du, frantses Gobernuaren "mespretxu eta gabezi demokratikoari" aurre egiteko. "Euskal herritarrei begirako kudeaketa batek bakarrik dizkigula guk behar eta nahi dugun herriaren bermeak segurtatuko", azpimarratu du Lopepek. Horretarako, "egiten dugunari herri zentzu bat eman eta begiak mundura zabaldu" behar dela aipat du. Manifestariek bazkari baten inguruan bukatu dute eguna.