Kazeta

Ipar Euskal Herriko lehen Aberri Eguna

Gernikako haritzaren kimu baten inguruan bildu ziren 60ko hamarkada hasieran lehen aldiz Ipar Euskal Herriko abertzaleak, Itsasun.

Itsasu herrian ospatu zen lehen Aberri Eguna.
Itsasu herrian ospatu zen lehen Aberri Eguna.

1963ko apirilaren 15ean, Pazko Bigarrena, Ipar Euskal Herrian lehen aldiz ospatu zen Aberri Eguna Lapurdiko Itsasu herrian. Egun berean, Enbata mugimendu politiko gisa sortu zen, goizean goiz Itsasuko elizako lokaletan egin zen bilkura batean, Gaur8 aldizkariak argitaratu duenez.

Michel Eppherre, Jean Etcheverry Ainchiart, Ximun Haran, Jakes Abeberry, Jean-Louis Davant, Paul Dutournier eta Martxelin Arbelbide izan ziren bilkuraren buru. Han hiru txosten irakurri zituzten, euskara, ekonomia eta politikari buruzkoak, eta ondoren Itsasuko gutuna aurkeztu eta Euskal Herri batuaren subiranotasuna aldarrikatu zuten.

Mezaren ondoren, Ximun Haran eta Julen Madariagak Gernikako haritzaren kimu bat landatu zuten Itsasuko eliza atzean. Artikulua ilustratzen duen irudian, Telesforo Monzon ageri da, ekitaldia bukatu aitzin, hara elkarretaraturikoei mintzo zaielarik.

Frantses Estatuko hainbat hedabidek eman zuten ekitaldiaren berri, “Le Monde”, “Le Figaro”, “Paris Match”, “Combat” eta “Soud Ouest” kazetek, besteak beste. Egilearen arrasto bakarra argazkiaren ifrentzuan dagoen zigilu bat da, “Paris Match” idatzita daukana.