Alsazia: estatus politikoaren erroko debatea agerian

Alsaziako Europar Kolektibitateaz eztabaida egin zen Frantziako Senatuan. André Reichardt Bas-Rhineko senatariak legeari jarritako zuzenketa babestu zuten Max Brissonek eta Frédérique Espagnacek.

Kazeta|2019/04/19 13:56|0 iruzkin
Capture_d%e2%80%99e%cc%81cran_2019-04-04_a%cc%80_15.31.58
Max Brisson Alsaziako Europar Kolektibitatearen alde mintzatu zen Frantziako Senatuan..

Alsaziako Europar Kolektibitatea sortzeko 2021 urtea aitzin batu beharko lirateke Bas-Rhin eta Haut-Rhin. Bi departamendu hauek dituzten konpetentziei berriak gehituko litzaizkieke. Azken egunotan estatus politiko berri horrek Frantziako Senatuan eztabaida piztu du. Apirilaren 2an Bas-Rhineko senatari batek Alsaziarentzat estatus bereziko kolektibitatearen ideia ezarri zuen mahai gainean.

Ekialde-Handia eskualdearen - Alsazia, Champagne, Ardenak, Lorrena - baitan itoa, Alsaziako lurraldea ez da nehoiz departamendu bat izan eta Frantziako Gobernuak proposatzen duen formulak ez ditu tokiko hautetsi guziak konbentzitzen. Hauetako ainitzentzat, kolektibitate hau departamendu bat baizik ez litzateke izanen. Alsaziako lurraldea hartzen duten departamenduetako presidenteek ahalik eta kolektibitate integratuena ukaiteko nahia agertu dute, bere berezitasunak kontuan hartuz eta alsaziarren izenean molde eraginkorrago batez lan egiteko aukera emateko. Estatus bereziko kolektibitaterako André Reichardt senatariaren zuzenketak ez luke erreforma konstituzional baten beharrik izanen.

Max Brisson senatari biarriztarrak testu proposamena izenpetu zuen, euskal hautetsien gehiengoak hamarkada honen hastapenean harturiko posizioak berretsiz. Brissonen ustez, “hirigune kolektibitate ez indargabetzaile batek gure berezitasunen trataera eta ibilmolde ikuspegitik mugak ditu”. Hori dela eta, Alsaziako senatariarekin bat egin zuen, zehazki eztabaida hau “Euskal Herriaren eboluzio politiko eta administratiborako baliagarria izan baitaiteke”. Frédérique Espagnacek ere aldeko boza eman zuen, nahiz eta azkenean zuzenketak onartua izateko aski babes lortu ez.

Edozein gisaz, hein handian senatariek hastapeneko testua moldatu zuten. Lege edo arau neurriei moldaketak edo egokitzapenak egiteko aukera, kultur politikak definitzeko eta gauzatzeko ahala, ikasketa eta formazio profesionalerako konpetentzia... Hautetsiek itxaroten dutena ainitz bada ere, diputatuen aldetik anbizio horiek apaltzeko arriskua izaten ahal dute. Erregimen indargabetzaile baten defendatzaileen artean urrats ttipien eta lurraldeen arteko berdintasunaren aldekoak baitaude. Frantziako Asanblada Nazionalean debate bizia aurreikusten da.