Kazeta

Korsikako akademiak murgiltze klaseen idekiera iragarri du

Julie Benetti errektoreak heldu den ikasturterako esperimentazioa hedatzeko asmoa azaldu du. Egun Korsikako hiru ama eskolek eskaintzen dute eredu hori, Ipar Euskal Herrian 17 diren bitartean.

Julie Benetti, Korsikako Akademiako errektorea. @Romain_Colonna
Julie Benetti, Korsikako Akademiako errektorea. @Romain_Colonna

Korsikan ere harrotu dituzte hautsak eskola publikoan murgiltze sistema sartzeaz Jacqueline Gourault Frantziako ministroak azken egunotan egindako adierazpenek. Horrek, Emmanuel Macronek uhartean apirilaren hastapenean egindako bisitak sorturiko tentsioari beste osagai bat gehitu dio. Testuinguru honetan, Julie Benetti errektoreak apirilaren 8an iragarri zuen heldu den ikasturterako murgiltze ereduko klase berriak idekiko dituztela.

Korsikako Akademiako errektoreak, Hezkuntza ministeritzako ordezkaria denak, France Blue Corse Frequenza Mora irratian erran zuenaren arabera, 2016an abiatu eta iazko urtearen hastapenean plantan emandako esperimentazioa beste eskola batzuetara hedatuko da heldu den ikasturtean. Kopurua, aurkezten diren proiektuen kalitatearen baitakoa izanen da. Izan ere, deialdi bat eginen da proposamen horiek aurkezteko.

Iragarpenak Emmanuel Macron berak Corse Matin egunkarian apirilaren 2an adierazitakoa berretsi baizik ez du egiten. “Murgiltzea duten ama eskolak garatzen segituko dugu eta mendi aldeko eskolei ere babes berezia eskainiko diegu. Hauek guziak uhartedian Errepublikaren eskolaren bikaintasunaren parte dira”, erran zuen Korsikara joan baino bi egun lehenago.

Proposamen hauek ez datoz bat Frantziako Gobernuko hainbat ordezkarik defendatzen duten ildoarekin. Azken hilabeteetan murgiltze eredua ahuldu duten urratsak izan dira. Euskal Herriko adibideek garbi erakusten dute hori eta Jacqueline Gourault ministroak Frantziako Senatuan erran zituen hitzak gogora ekartzea besterik ez dago: “murgiltzea posible da noski, baina eskola pribatuetan, ez publikoetan, burasoei ezin baitzaie inposatu”.

Egun, hiru dira Korsikan eredu hau eskaintzen duten ama eskolak. Ikastolen gisako sarerik ez da existitzen. Ministroaren adierazpenekin harriturik eta kezkaturik, Saveriu Luciani korsikeraz arduratzen den kontseilari exekutiboak Corsica Net Infos hedabideari emandako elkarrizketan honakoa erran zuen: “Bitxia da ikustea, [Macron etorri baino] hiru egun lehenago, Gilles Simeonik eta Jean-Guy Talamonik gidaturiko ordezkaritzari harrera egin ziola Hezkunde Nazionaleko Ministerioan. Alta, eskola publikoen murgiltzea ez zen aipatua izan”.

Eredu honi buruzko inkonstituzionaltasunaz ere mintzatu zen Luciani. “Kontseilu Konstituzionalak eskola publikoetan murgiltzea ezin dela inposatu adierazten badu ere, ez du erraten alde guziak ados baldin badira - buraso, irakasle, Herriko Etxe -, juridikoki kontra egiteko oinarririk dagoenik”. Frantziako Gobernuaren “polifoniaren” aitzinean Hezkuntza ministroaren argibideak premizakoak lirateke.