Bernardo Atxagak Altsasuko auziari buruzko eleberri bat idazteko asmoa du

Asteasuko idazleak justizia espainiarrak Altsasuko gazteen kontra harturiko erabakiarekiko bere kezka agertu eta auziaz “ikusi” eta “entzun” duenaz fikzio bat idatziko du.

Kazeta|2019/04/18 07:35|0 iruzkin
Img_0125
Bernardo Atxaga idazlea.

“Soinujolearen semea” eleberria zinema pantailetan estreinatu berri den honetan, Madrilen egindako aurkezpenean Bernardo Atxaga idazleak Altsasuko auziaz eleberri bat idatzi nahi duela iragarri du. Espainiar Estatuko Auzitegi Nazionalak joan den martxoan berretsi zituen zazpi gazteen kontrako bi eta hamahiru urte arteko espetxe zigorrak. Erabaki horrek eragiten dion “nahigabea” azaldu du Bernardo Atxagak.

2016ko urrian guardia zibilekin Altsasuko ostatu batean izan ziren liskarrak hori baizik ez zirela izan iritzi dio idazle asteasuarrak. “Euskal Herrian edozeinek daki tabernako liskarra izan zela”, erran eta Nafarroako herriaren kontrako kanpaina kritikatu du. Bide batez, gertaera horiek terrorismo gisa kontsideratu izana deitoratu eta gure herriak hamarkadetan jasandako zapalkuntza ekarri du gogora.