Jakes Bortairu
Ipar Euskal Herriko AEKko koordinatzailea

Ipar Euskal Herriko AEKko koordinatzaile gisa, bere azken Korrika biziko du aurten Jakes Bortairuk. Hogeita hamabi urteko ibilbidearen ondotik, lekukoa pasako du. Urte luze hauetan trumilka dira lasterketari loturiko bizipenak eta gutxi batzuk nabarmentzen dituen amesgaiztoak. Horretaz guztiaz hitz egin du KAZETA.EUSen.

“Herri baten partaide sentiarazten zaitu Korrikak”
Iurre BIDEGAIN|2019/04/13 06:45|0 iruzkin
Ber_manifa_jakes_bortairu_quai_chao_euskal_konfederazioa_baiona_isabellemiquelestorena01
Aurten Ipar Euskal Herriko AEKko koordinazio postua utziko du Jakes Bortairuk. ©Isabelle Miquelestorena

Eroak dira euskaldun hauek horrelako gauzak egiteko

Bakoitzak bere funtzioa bete behar du kate hori ez hausteko, hizkuntza transmititzeko

Nola definituko zenuke Korrika?

Elkarren artean burutzen dugun desafioa da. Elkarlana baino gehiago da. Nehor ez da ezinbestekoa, baina denak beharrezkoak gara. Denek besteengan kontatu behar dugu eta norberak erantzukizun bat du. Kate luze hori behin abiatuta ziurtatu behar da eta horrek islatzen du gure hizkuntzaren egoera eta berarentzat nahi dugun etorkizuna.

Noiz hasi zinen Korrikan parte hartzen?

Bigarren ediziotik, lehena huts egin bainuen, 1982an hain zuzen. Gero, AEKn sartu nintzen ikasle gisa eta  lehen edizioetan parte hartu nuen antolaketan. 1987an sartu nintzen Iparraldeko koordinatzaile gisa, eta seigarren ediziotik antolaketa koordinatzen ibili naiz.

Nola bizi izan zenuen Korrikaren bigarren edizio hura?

Bigarrenetik gauzak hobeki egiten hasi ziren, baina oraindik oso konfidentziala zen. Hirugarrena izan zen urrats nabarmena. Ipar Euskal Herritik abiatzen zen lehen aldia zen, Baionatik hain zuzen. Abenduaren 3 batez izan zen, lanbro artean. Salto bat egin zen parte hartzearen, antolaketaren eta ezagupenaren aldetik. AEK sendoagoa zen, ikasle gehiago biltzen zituen. Ordutik hasi zen urtez urte hobetzen.

Euskal Herrian bizi izan zen fenomeno berri horren inguruko giroa nolakoa zen?

Lehen edizioan pasa zen, agian, jende gutxi ohartuz. Bigarrenetik eta bereziki hirugarrenetik Peio Dospital errugbilariak lehen lekukoa eramanik, ilusioa eta motibazioa piztu ziren. Korrikaren magia funtzionatzen hasi zen. Ez zen erraz jendea harrapatzea kilometro guztietan. Lehen edizio horietan AEKk indar bat egiten zuen Iparraldeko itzulia asteburuetan emateko eta ez astean zehar.

Korrikari loturiko bizipenei dagokienez, zein da bizi izan duzun mementorik politena?

Memento onak trumilka dira. Korrikan bertan bizitzen diren emozioak oso azkarrak dira. Zenbait orduz, bidez bide, ehunka jende korrika goitatzen, egunaz, gauaz, euripean, jendearen poza… Horrek guztiak mozkortzen zaitu, nolabait. Hainbeste sentsazio bizirik, euforikoa bukatzen duzu.

Memento txarrak ere oroimenean gordeta dituzu?

Momentu txar gisa, 1991n Korrika lehen aldian Baionan bukatu zelarik aipatuko nuke. Urte batez ari izan ginen hori prestatzen. Guretzat lehen esperientzia zen eta egun horretan izan zen eguraldi ezin txarragoa. Hotza eta euritsua. Korrikak ordu bateko beranta zuen. Jendea euripean zegoen lasterketa goitatzen, zapatak busti-bustiak, flip-flop egiten… programaren erdia hankaz gora, kontzertuak bertan behera…Benetan sufritu genuen. Gu ere antolaketa aldetik gaindituak ginen, momentu gogorra izan zen. Hala ere, jendeak ongi pasa zuen.

Une politak eta ez hain ederrak alde batera utzita, zein da zuretzat Korrikaren edizio bakoitzean azpimarratuko zenukeen memento bereziena?

Memento guztiek badute bere berezitasuna. Nik erran nezake gauaren erdian, toki galdu batean goizeko 04.00etan, gibelean badituzu jende batzuk oihuka eta bihurgune batean, zure kamionetaren argietan ikusten dituzu zango batzuk, bat, bi, eta gero ohartzen zara badela alimaleko tropa eta erdian badituzu hiru urteko haurrak, kukusoak bezala, saltoka eta euripean. Zure buruari galdetzen diozu, zein mundutan bizi gara? Eroak dira euskaldun hauek horrelako gauzak egiteko. Horiek dira emozio handienak.

Korrikarekiko sekulako atxikimendua irudikatzen du horrek…

Bai. Herri gisa sentitzen zara. Herri baten eta kate luze baten partaide sentitzen zara. Elkartasun hori hor dago. Bakoitzak bere funtzioa bete behar du kate hori ez hausteko, hizkuntza transmititzeko. Horrek eragiten du duen arrakasta.

Arrakasta hori urtez urte errepikatzen den zerbait da. Nola bizi izan duzu ekimen honen garapena?

Egia da asko aldatu dela. AEK profesionalizatu da, maila askotan. Baliabide gehiago ditu. Hori garatu da eta urtez urte gauzak gehitu dira, adibidez Korrika Kulturalaren programa. Edizio kasik guztietan zerbait berria egiten da. Harrigarria bada ere, dugun kezka da nola kalifikatu bukaeran edizioa. Kolosala erabili genuen urte batez eta duela gutxi aipatzen genuen ea zein adjektibo erabiliko dugun aurten parte hartze handia aurreikusten baita.

Ez da inondik inora higatu. Alderantziz, gero eta zabalagoa da eta geroz eta sektore gehiagok parte hartzen dute. Fenomeno berezia da. Nire ustez, jendeak plazera sentitzen du Korrikarekin.

Aurtengoa berezia izanen da, hogeita hamabi urteren ondotik, koordinatzaile postua utzi eta lekukoa pasako baitiozu gazte bati. Nola biziko duzu?

Berezia, bai eta ez. Antolaketa mailan bizitzen dudan azkena da. Plazera beti hor izanen da baina estres gutxiagorekin. Antolatzaileentzat pisua da. Korrikak jaten zaitu pixka bat. Ongi da hori bizitzea, baina ez da beti erraza. Odol berria behar da hori bizirauteko.