Kazeta

Artea, historia eta ondarea argitara Irisarrin

EGAK izeneko erakusketa martxotik ikusgai da Irisarriko Ospitalea ondarearen hezkuntza gunean, maiatzaren 10era arte. Apirilean zehar, partaide diren lau artistekin topaketak eginen dira.

EGAK erakusketa, Irisarriko Ospitalean. @AnneBroitman
EGAK erakusketa, Irisarriko Ospitalean. @AnneBroitman

Anne Broitman artistak ekimena hartu eta EGAK erakusketa abian jartzeari ekin zion, euskal artisten lana publikoari eskaintzeko xedez. Berarekin batera, Iker Valle, Alberto Letamendi eta Marythé Avella bildu ditu erakusketan. Artea, historia, ondarea eta arkitektura ardatz harturik, apirilean zehar lau artistekin topaketak izanen dira Irisarriko Ospitalea ondarearen hezkuntza gunean.

Apirilaren 15ean, arratsaldeko 16:00etan Iker Vallek eta Alberto Letamendik bereziki haurrei zuzendutako tailerra eskainiko dute. Vallek Lapurdiko itsasertzarekiko lilura berezia du eta bere lanak egiteko era guzietako materialak erabiltzen ditu. Letamendik berriz, Zugarramurdiko sorginen inguruko legendetan eta euskal mitologian oinarritzen du bere lana.

Apirilaren 19an 17:00etan Marythé Avellarekin Irisarriko ateburuak eta harri borobilak ezagutu ahalko dira, ondotik mintzaldia eskainiko duelarik. Avellarekin bigarren hitzordua apirilaren 24an emana da eta arte plastikoaz tailer bat proposatuko du irudi eta sinboloen sormen artistikoak egiten dituen sortzaileak.

Apirilaren 26an Anne Broitmanek hartuko du lekukoa, arratsaldeko 15:00etan. Euskal paisaiak eta natura biziki maite dituen artistak, zaldiekiko duen pasioa islatzen du erakusten ari den lanetan. Bere obrak aurkeztuko du eta ondotik haurrentzat tailer artistiko bat izanen da, eta baita zaldiekin topaketa bat ere.

Lau artistek lurraldeari buruzko ikuspegi propio bat eskaini nahi dute, bakoitzak bere moldera, ondareari “omenaldi” ttipi bat egiteko asmoz. EGAK erakusketa maiatzaren 10era arte ikusgai izanen da Irisarrin, astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 12:30tara eta 13:30tatik 17:30tara.