Kazeta

Baionako Séqué auzoa: abiadura handiko urbanizazioaz iritzi kontrajarriak

Bouygues Immobilier taldeak “energia positiboko” 174 etxebizitza eraikiko ditu bizitegi ekologikoengatik ezaguna den Baionako Séqué auzoan. Terra Arte bizitegi parte hartzaileko biztanleek proiektuaren kontrako helegite bat presentatu dute, ekologikotik deus guti duela iritzita.

Auzotarren arabera Bouyguesen panela jakinarazi baino hiru aste aitzin ezarri zuten. © Bob EDME
Auzotarren arabera Bouyguesen panela jakinarazi baino hiru aste aitzin ezarri zuten. © Bob EDME

“Proiektu hau hain da handia, Séqué auzo berri batean bilakatuko duela, eta geroz eta gehiago dira auzo ekologikoa ez dela uste dutenak”, erran du Nicolas ezizenez aurkeztu den Terra Arteko auzokideak. Bizitegi parte hartzailea preseski Bouygues taldeak 174 etxebizitza berri eraikitzeko hasitako lanen parean kokatzen da. “Oreka” izena eman diote egitasmoari. Auzokideak jadaneko kexu dira ondoko oihana desagerrarazi dutelako eta ingurunea aldatzen ari delako. Proiektuak ekologikotik deus guti duela uste dute.

Beste aldean, Amaud Dunoyé Bouygues Immobilier taldeak Euskal Kostaldea-Landetan duen agentziako zuzendariak kontrakoa adierazi du. “Oreka hiru puntu nagusiren gainean Baionako hiriarekin garatu dugun proiektu eredugarria da: ingurunearekiko errespetua, bizi-kalitatea eta jabegoa lortzea, guzia Baionako hiriaren eta Séqué auzoaren garapenaren mesedetan”.

“Autoaren erreinua”

Haatik, Terra Arteko bi auzotarrek Oreka eraikitzearen kontrako salaketa zuten, baina Nicolasek deitoratu duenez, “formagatik errefusatuak izan dira”, berantegi bidali zutelakoan. Lanen lekuan panela ezarri zutenetik bi hilabete gaindituak ziren ordurako. Alta, auzotarraren arabera, arazoa panelaren datetan dago, berau ezarri eta hiru astera izan baitzen jakinarazia. “Herritar batek baimen baten kontra egin nahi duenean, prozedura asmo batzuekin biziki zaila bilakatzen da”, dio Nicolasek.

“Proiektu honek ez du zerikusirik auzo honetaz pentsatu izan dudanarekin. Auzoaz harago doa eta autoaren erreinua da”, dio arranguraz. Terra Arteko bizilagunen iritziz, “proiektuak autoari leku pribilegiatua ematen dio”, berez garraio publiko eskasa duen eta bizikletaz mugitzeko zailtasunak dituen eremu batean.

Bataz beste 1,86 aparkaleku leudeke etxe bakoitzeko, “auzoan gutienez 1,2 behar direnean”. Baionako hirigintza hautetsia den Alain Lacassagnek dio auzo ekologiko baten neurrikoa dela. “Autoaren afera gai bat da. Séqué erdigunetik urrun da. Pinudiaren oihanbide guzia arraberritua izan da eta irailean, autobus zerbitzua hobetuko da”, erantsi du. Gisa honetan izendaturiko auzo batean garraio publikoa eta bizikleta nagusi izan beharko lirateke.

Bilkura publikoa apirilaren 10ean

Etorkizuneko auzo-etxe bat, komertzioak, Séqué eta Arrousets arteko eskola... Hautetsiak auzoa garatzen eta urbanizatzen ari dela baieztatu du. Biztanle kopurua milara iritsiko da laster. “Oreka proiektuan, lehen aldiz %70 erosle ditugu, bereziki gazteak eta guretzat arrunt interesgarria da biztanle hauek ukatea”.

Martine Bisauta garapen jasangarrirako eta hiri estrategietarako auzapezaren axuantak bat egiten du: “Alokairu sozialerako eta jabegorako etxebizitzak izanen dira”. Oinarri biologikoa duten materialez eraikiko omen dira, ur garbirako euriaren ura errekuperatuko da, Bepos moldean eraikiko dira eraikin gehienak...

Séqué auzoa “auzo ekologikoen” artean kokatua zen 2009an. Alabaina, egun ez da ministerioaren zerrenda ofizialean ageri, nahiz eta estatuaren zerbitzuek Baionako hiriari galdegin izan dioten. Bere “akatsa” aitortu du Bisautak, honakoa erranez: “prozedura administratiboa oso pisua da, ez genuen denborarik ukan, gaindituak ginen eta ezin izan nuen egin”. Edozein gisaz, berearekin segitzen du, auzoa ekologikoa dela argudiatuz: “leku guzietatik heldu dira ikustera, honengatik aitortuak gara”. Etiketarekin edo gabe, hautetsiak uste du egiten den oro egungo desafioei aurre egiteko dela. 

Honetaz guziaz eta auzoak izanen dituen aldaketez eztabaidatzeko, bilkura publikoa eginen da apirilaren 10ean, asteazkenarekin Séqué auzoko Ehpad zahar etxean.