Maite UBIRIA

Baionako Ospitaleko Erreanimazio Zerbitzuko langileak mobilizatuak

Baionako Ospitaleko zuzendaritzak bederatzi lanpostu kentzeko asmoa du. Hori dela eta, CFDT sindikatuak deituta, greba mugimendu bat abiatzea erabaki dute Ospitaleko Erreanimazio Zerbitzuko langileek.

Baionako Ospitaleko Erreanimazio Zerbitzuko langileen ustez, zerbitzuaren kalitatea arriskuan jar dezake zentroko zuzendaritzak iragarri duen planak.
Baionako Ospitaleko Erreanimazio Zerbitzuko langileen ustez, zerbitzuaren kalitatea arriskuan jar dezake zentroko zuzendaritzak iragarri duen planak.

«Logika ekonomizista hobetsita, Baionako Ospitaleko zuzendaritza sarri hil ala biziko egoeran diren herritarrak artatzen dituen zerbitzuaren kalitatea lanjerean jartzeko prest dela nahi dugu salatu jendartearen aitzinean». Horra hor Erreanimazio Zerbitzuko langileek atzo goizean zabaldu zuten mezua, CFDT sindikatuak deituta Lapurdi hiriburuko erietxe nagusiaren harrera gunean gauzatu zen protestaren bidez, Garako artikuluak azaldu duenez.

Sindikatuko kide den Franck Carrejak oroitarazi zuenez, «lurralde osoari eragiten dion zerbitzuaren kalitatea dago jokoan», finean osasun arazo larriak dituzten herritarrak, Lapurdiko hiriburuan bizi ala bertze eskualdekoak izan, bertan artatzen dituztelako. Hala nola bide istripuen ondorioz zauritu gehienak Baionako erietxe nagusira eramaten dituzte.

Horrendako, urte hasieran erietxeko zuzendaritzak iragarri zuen Erreanimazio Zerbitzuari dagokion birmoldaketa planak «eragin zinez larriak izanen dituelako» kexu dira langileak. Zehazki bederatzi postu kentzeko asmoa agertu du zuzendaritzak: sei erizain postu eta hiru laguntzaile postu. Gau eta egun zerbitzua bermatu behar duen sailean tamainako murrizketa egitea «ezinbestean pazienteek ere nozituko dute», salatu dute langileek.

Dagoeneko lehenengo ondorioak sumatzen hasiak direla azaldu zuen Carrejak. Hilabete hasierarekin hiru postu kendu dituzte eta, ondorioz, «lan zamak emendatu dira».

Beste bilera bat

Martxo hondarrean bilera egin zuten zuzendaritzako ordezkariekin. Alta, negoziazioak ez zuen emaitzarik eman. «Gu prest gara elkarrizketa berriz plantan emateko eta, horregatik, hilaren 10ean hitzordu berria hartu dugu, baina guretako onargaitza da inorekin hitz egin gabe, ez zerbitzuko langileekin, ez beren ordezkari sindikalekin, ezarri nahi duten plana», ohartarazi zuen sindikatuko ordezkariak.

Marie Claude Cazaban Giza Baliabideen arduradunak, bere aldetik, bai langileek bai zuzendaritzak «pazienteak ahal den eta hobekien artatzea» dutela helburu nabarmendu ondoren, ziurtatu zuen antolaera berriak ez duela inondik inora arriskuan jarriko pazienteek jasotzen duten zerbitzua. “Mediabask” webguneari eginiko adierazpenen bidez, Cazabanek baieztatu zuen heldu den astean bilera eginen dutela «adostasuna bilatzeko».

Hala ere, azken hiru urteetako zerbitzuaren erabilera datuetan oinarrituz, «15 ohetatik 12 direla erabiliak ohartu gara eta, ondorioz, batez besteko horretara behar ditugu egokitu gure baliabideak», ohartarazi zuen. Lanpostuak kendu beharrean, «hainbat langile beste zerbitzu batzuetara bideratzea da asmoa», gaineratu zuen Giza Baliabideetako arduradunak.