Kazeta

Abiatu da Korrika Garestik

Dagoeneko lehen urratsak egin ditu 21. Korrikak. Apirilaren 4ean Garestik abiatu eta hamar egunez Euskal Herria zeharkatuko du “Klika” lelopean.

Garesko alkatea, Oihan Mendo, lekukoa eskutan. (Idoia ZABALETA/FOKU)
Garesko alkatea, Oihan Mendo, lekukoa eskutan. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Martxan da dagoeneko 21. Korrika. Garestik abiatu eta Lizarrarako bidea hartu du dagoeneko. Gero Tutera eta Tafalla pasako ditu, Iruñera heltzeko. Eta bertatik, Euskal Herriko txoko guztiak zeharkatu ondoren, Gasteizen amaituko da, Naiz atariak zabaldu duenez.

Jendetza bildu da Mena plazan eta bidea egin behar izan diote Korrikari. Txupinazoaren antza hartu du lasterketaren hasierak. Izan ere, eguraldiaren beldur zenak kezka hori uxatu du, eguzkia lagun izan baitute. Bero handirik ere ez zuen egiten, korrika egiteko giro aproposa, beraz.

Euskaldunen hizkuntza eskubideak bermatuko dituen politika berri bat aldarrikatu dute oholtzatik. Izan ere, Gares «eremu mistoan» kokatua dago. Inguruko beste herri batzuk «zonalde ez euskalduna» delakoan kokatzen dira. Eskubide hauen bermaren isla bezala Korrikaren laugarren kilometroa eskualdean «eremu mistora» pasatzea eskatu duten alkateek hartu dute lekukoa.

 

Izarbeibar eta Mañeruko 16 herrietako ordezkarien ondoren, bigarren kilometroa Garesko Udalaren eskuetara pasa da. Hirugarrena Zabaltzagain guraso elkartearentzat izan da eta laugarrena, esan bezala, «eremu mistora» pasatzea eskatu duten alkateentzat. Ondoren, Garesko ezker abertzalea, Garesko gazte asanblada, Artazu, Izarbeibarko Mankomunitatea, Garesko eskolako irakasleak, Emun euskara taldea... eta abar luze bat. Denok euskaren alde korrika.