Kazeta

Osoko bilkura berritu du Euskal Herriko Laborantza Ganbarak

Berriki departamendu mailako ganbaren hauteskundeak iragan ondotik, Euskal Herriko Laborantza Ganbarak bere osoko bilkura arraberritu du martxoaren 29an. Urrats hori Euskal Herrirako laborantza politika eta egiturak aldarrikatzeko baliatu du.

Osoko bilkura arraberritua, EHLG-ren egoitzaren aitzinean.
Osoko bilkura arraberritua, EHLG-ren egoitzaren aitzinean.

Euskal Herriko Laborantza Ganbarak (EHLG) bere osoko bilkura berria aurkeztu du martxoaren 29an. Eztabaidarako eta deliberoak hartzeko gune nagusi hori hamalau erakunde ordezkatzen dituzten 30 pertsona inguruk osatuko dute, zortzi multzo hauetan banaturik: laborari ohiak (ELB), laborantzako langileak (CFDT), EHLG lagunak (Lagunak), landa eta laborantza garapenerako elkarteak (Buru Beltza, Euskal Moneta eta Hemen), ingurumenaren babeserako elkarteak (Bizi!, Cade, Du flocon à la vague eta Saiak), kontsumitzaileen aldekoak (APFPB, Inter Amap eta Otsokop) eta baita Manu Robles Arangiz fundazioa ere.

Osaketa honek ez du zerikusirik Pauen kokaturik den Pirinio Atlantikoetako Laborantza Ganbarak duenarekin. Kasu horretan gizarte zibileko, kontsumitzaile taldeetako eta ingurumenaren babeserako elkarteetako kideek ezin dute erabakiguneetan parte hartu.

Ainhize-Monjolosen egoitza duen egiturak proiektu bat ekartzen dutenak laguntzen ditu instalazio etapa guzietan, betiere ikuspegi ekonomiko eta humanotik proiektu bideragarria bada eta laborantza herrikoiaren printzipioak bermatzen badira. Zeregin hori azkartzeko, hogeigarren langile bat batu zaie orain arte talde profesionalean ziren lagunei.

Laborantza politika eta Bulegoa

EHLG-k erran du “funtsezkoa dela Euskal Elkargoak gauzatuko eta diruztatuko dituen ekintzei politika erreal baten ikuspegia eskaintzea”. Beraz, laborantza politikaren eta bere finantzazioaren definizioa beharrezkoa ikusten du: “Politika hau gizarte zibilarekin batera eraiki behar da, Ipar Euskal Herrian benetako laborantza eta elikadura politika bat plantan eman ahal izateko”.

Zentzu horretan, Euskal Herrian hautetsiek eraiki eta gizarte zibilak parte hartuko lukeen politika eraiki behar dela dio EHLG-k eta gogora ekarri du 2017an Euskal Herriko laborantza eta elikadura Bulego Publikoa sortzeko egindako proposamena.

Erakunde hori Euskal Elkargoaren solaskidea litzateke, lurralderako laborantza proiektu bat definitzeko, bere gauzapena ebaluatzeko eta proiektu indibidual eta kolektiboak aztertzeko. Gisa berean, beste funtzioen artean, prefetari bere iritzia azaltzea, Laborantza Politika Bateratuarekin (PAC) negoziatzea eta garapen ikuspegiko ekimenak finantzatzea leudeke.

Proposamenaren arabera, Bulego hori Frantziako Estatuko, Euskal Elkargoko, Eskualdeko, Departamenduko eta laborantza munduan ordezkaritza duten eragileek osatuko lukete. EHLG-k egitura hori 2019an plantan ematea galdegiten du eta anartean, ezinbestekoa iruditzen zaio “aurreikuspenez aritu eta sorrera hori marraztuko duen antolaketa batean lan egitea”.