“Iheslari poetikoak”, etorkinen egoeraz harago doan antzezlana

Bernat Etxepare lizeoko hamar ikaslek Arantxa Irigoien irakasleak idatzitako “Iheslari poetikoak” antzezlana estreinatuko dute apirilaren 3an. Etorkinen egoera taula gainera eramateaz gain, harago joan eta euskaldunon jatorriari loturiko galderak ere plazaratuko ditu obrak.

Iurre BIDEGAIN|2019/04/02 07:25|0 iruzkin
Med_iheslaripoetikoak_baiona_gfauveau5
Apirilaren 3az gain, beste pare bat data gehiago programatu nahiko lituzkete antolatzaileek. © Guillaume FAUVEAU

Urte bateko lana plazaratuko dute Baionako Bernat Etxepare lizeoko hamar ikaslek heldu den apirilaren 3an. Arantxa Irigoien irakasleak idatzitako obra, "Iheslari Poetikoak" estreinatuko dute apirilaren 3an 20.30ean Baionako Elkarteen etxean.

Hasi baino lehen, irakasleak "lan kolektibo bat" izan dela nabarmendu du. Aurten lizeoan aitzina eramandako antzezlanarentzat Manex Fusch aktorearen laguntza izan dute, hain zuzen. Ikasturte hasieraz geroztik,  ikasleek astero errepikak egin dituzte, motibazioa bizirik mantenduz.

"Iheslari poetikoak" izenburuak berak erraten duen bezala, etorkinen egoerari erreparatzeaz gain, harago doan hitz jokoa dela azaldu du Arantxa Irigoienek. "Gure jatorriari buruzko galderak pausatzen ditugu, nondik heldu garen, adibidez. Euskal Herriak etorkinen harreran duen tokiaz aritzen gara ere", aipatu du. Halaber, Euskal Herriko iheslari politikoei ere erreferentzia egiten diola nabarmendu du.

Etorkinen egoera ikasleei arrotza ez zaien gaia dela azpimarratu du irakasleak. "Antzezlanean egiazko lekukotasunak erabili ditugu", gehitu du. Hain zuzen, Etorkinekin elkartearen laguntzaz, hainbat etorkinen bizipenak entzuteko parada izan dute aurten ikasleek.

"Esperentzia polita"

Antzerkia lizeoaren baitan geroz eta leku gehiago lortzen ari dela uste du aktore lanetan ibili denak. Otsailean bertan, Ander Lipus eta Patricia Urrutiak egonaldi bat egin zuten lizeoan Huts Teatroaren "Hozkailua" antzezlana proposatzeko. Hiru egunez, obra eskaintzeaz gain, lizeoko barnetegian bizi izan ziren aktoreak.

"Biziki esperientzia polita da. Haatik, frustragarria da soilik data bat programatzea", deitoratu du. Hori dela eta, pare bat data gehiago programatzen ahalko dituzten aztertzen ari dira, nahiz eta maiatzetik aitzina lizeoan data bereziak izan.