Kazeta

Frantziako 41 senatarik independentista kataluniarren kontrako auzia salatu dute

“Katalunian oinarrizko eskubideen eta askatasunen errespetuaren alde” izeneko manifestua izenpetu dute Frantziar Estatuko indar politiko ezberdinetako senatariek. Kontrako erreakzioak izan dira, tartean Macronen gobernuarena, “Espainiaren batasunaren alde” egin duelarik.

Kataluniako parlamentuak 2017ko urriaren 27an aldarrikatu zuen Kataluniako Errepublika.
Kataluniako parlamentuak 2017ko urriaren 27an aldarrikatu zuen Kataluniako Errepublika.

Joan den otsailaren 12tik Madrileko Auzitegi Gorenean autodeterminazio erreferenduma sustatzeagatik epaitzen ari diren 11 ordezkari independentisten kontrako auzia “eskubide eta askatasun demokratikoen kontrako benetako erasotzat” jo dute Frantziako 41 senatarik. Frantziako Estatuari eta Europar Batasuneko herrialdeei esku-har dezaten galdegin diete, “arazo politiko bati aterabide politikoak emateko elkarrizketarako baldintzak berrezartzeko”.

Izenpetzaileen artean daude talde komunistako 16 ordezkariak, 13 sozialista (74tik), LREM gobernuko alderdikoak lau (145etik), bi zentrista (51tik) eta Europako batasun demokratiko eta sozialeko beste bi (23tik).

“Gure herrialdea Espainiatik eta bere eskualde Kataluniatik hurbil da, zeinarekin historia luzea partekatzen dugun. Europar eta frantziar garen heinean, Katalunian izan ziren gertaerek kezka sortzen digute. Kataluniako Generalitateko ordezkari ohien, Kataluniako Parlamentuko presidente izandakoaren eta elkarteetako buruen kontra Auzitegi Gorenean egiten ari den epaiketaren aitzinean, gu, Errepublikako Senatuko kideok, Katalunian oinarrizko eskubideen eta askatasunen errespetua exijitzen dugu. Jakina, auzoa den herrialde baten arazo politikoetan sartu gabe eta Kataluniako independentziaren aferan hauturik egin gabe”, dio izenpetu duten adierazpenak.

Idazkiak auzipetuek jasandako errepresioari aipamena egiten dio, “hautetsi legitimoak errepresioaren biktimatzat” hartzen dituelarik. “Kataluniako Generalitateko ordezkari politikoak kartzelara edo erbestera joatea beharturik izan dira, haien hautesleek emandako mandatuagatik iritzia emateagatik”, zehazten du agiriak.

Kontrako erreakzioak berehala

Frantziako Gobernuak Quay d'Orsay bere diplomaziaren egoitzatik argitaratu du adierazpen honen aurreko komunikatua, Kataluniako auzi politikoari ematen dion garrantzia agerian utziz. “Espainiaren batasuna” babestu du eta senatari horiei kargu hartu die erranez Frantziari ez dagokiola abian diren prozedura judizialetan sartzea. “Zuzenbide estatua eta legalitate konstituzionala errespetatuz Espainiako demokraziak elkarrizketa politiko baketsua garatzeko duen gaitasunean erabateko konfiantza dugu” eta berriz ere batasunaren alde egin du: “autoritate frantsesak oroitarazten du Espainia indartsu eta batu baten aldeko bere engaiamendua eta autoritate espainiarrarekiko erabateko babesa”.

Afera europarrez duela egun guti arte arduratzen zen Nathalie Loiseau ministroak bere Twitter kontua erabili du errateko Kataluniako afera eta Madrileko auzia Espainiaren erantzukizuna dela, gaineratuz “zuzenbide estatu bat dela, non nehork, ezta parlamentari frantses batek ere, ez duen sartu behar”.

Komunikazio tresna bera erabiliz, Manuel Valls lehen ministro ohiak eta maiatzeko udal hauteskundeetan Bartzelonako auzapez izateko Ciudadanos alderdi eskuindarreko zerrendaburu denak, “arduragabetzat” jo du senatarien adierazpena eta “Espainiako konstituzioa urratu zutenen auzia zuzenean jarraitzera” gonbidatu ditu.