Sexu-jazarpena leporatzen diote Baionako musika ikastaldi baten antolatzaileari

Testigantza ugariren arabera, Baionan uda guztiz egin ohi diren musika ikastaldien zuzendariak sexu-jazarpenak egin izan ditu. Eraso eta jazarpen hauengatik Jean-Claude Dumasen kontrako hiru salaketa presentatu dira. Justiziaren erantzun eskasaren aitzinean, biktimek hitz egitea deliberatu dute.

Kazeta|2019/03/28 13:50|0 iruzkin
Med_conservatoireravel_baiona_gfauveau01
Inkesta bat abian dela ziurtatu du Baionako prokuradoreak. © Guillaume FAUVEAU

2007tik Euskal Kostaldeko Biarritzeko musika akademiak urtero Baionako kontserbatorioan iragaten diren udako ikastaldietarako irakasleak hartzen ditu. Martxoaren hastapenean jakitera eman dutenez, 2018ko uztailean, Kathleen Hammami, Anastasia Kotzeva eta izena eman nahi izan ez duen hirugarren irakasle batek Jean-Claude Dumas ikastaldiaren zuzendariaren kontrako salaketa jarri zuten, sexu-jazarpenengatik eta erasoengatik. 

Hurbileko iturri baten arabera, instrukzio epaileak beregain hartu du kasua. Baionako prokuradoreak berriz, inkesta abian dela adierazi du, baina prozedura konplexuagoa omen da, salaketak hiru komisaria ezberdinetan jarri baitziren.

Ikastaldian zehar, egun oraino errugabe den Jean-Claude Dumasek behin baino gehiagotan errepikatzen zuen berak adingaberik ez zuela nehoiz ukitu. Irakasleei susmoak piztu zizkien horrek eta gauza larriagoak gertatu izan zirela pentsatu zuten. “Gure buruari erraten diogu bere zozokeriekin berriz hastea eragotzi behar geniola”, dio Kathleen Hammami komunikazioan kontrataturiko gazteak. Ikastaldietako ikasleak aterpetzen dituen Elizbarrutiko Etxeko zuzendariaren aholkuz, 2018ko uztailaren 22an talde pedagogiko osoa Baionako komisariara joan zen.

Emaztea “zirikatzaile”

Kathleen Hammamiren arabera, ikastaldiaren lehen gauean Dumasek harekin oheratzeko proposatu zion. “Honakoa erran zidan: ez zaitez zure ganbarara joan, nirekin gelditu eta elkarrekin eginen dugu lo”, dio. Parisko hotel batean egin ziren lan elkarrizketetan beste hainbat emazteri ere berdina eskatzen omen zien. Beste lekuko batzuk, ikastaldia baino hilabete batzuk lehenago, telefono, SMS eta posta elektroniko bidezko eguneroko jazarpena jasan behar izan zutela berri eman dute.

“Gosarian, jarrita nintzela abantzu nire gainera etorri zen musu ematera”, dio Kathleenek. Dumasi leporatzen zaizkionetako batzuk adingabeko neskekin ere badute zerikusia. “Haurrak musukatzen zituen, tartean hamaika urteko bat, zeinak errana zuen hori ez zuela maite eta trabatzen zuela”, segitu du.

Bordeleko 76 urteko Jean-Claude Dumasek, haatik, akusazioak errefusatzen ditu: “sekula ez diot nehori galdegin enekin oheratzeko”. Bere burua defendatu nahi izan du erranez, bera ez dela “ez perbertitua, ez pederasta”. Gainera, beretzat Kathleen Hammami zirikatzaile bat da eta arazoa bere janzkeratik omen dator: “ipurdiaren altuerako gona, eskote bat... ez dizut erranen nolakoa”,  dio Dumasek lotsa izpirik gabe. Bere irudiko, gazteak leporatzen dizkion “keinu”, “laztan” eta “izter eta ipurdiko kolpeak”, erran-merran ustelak baizik ez dira.

Harrigarriki bere hitzak lehen mailakotzat ez hartzeko errepikatzen du sexu-jazarpenaz akusaturiko gizonak. Telefono bidez errandakoak ez du koherentzia handiegirik. Batetik, bere kontrako salaketen berririk ez duela dio, baina segidan, hiru salatzaileen izenak aipatzen ditu, “ondoko egunean” jakinarazi zitzaiola erantsiz. Bere ibilbidean funtzio biziki garrantzitsuak bete izan dituela adierazi du, “aktibitate politikoan” ere, baina gehiago zehaztu gabe.

Justiziaren erantzunarekin “nahigabeturik”

Kathleenek erran duenez, “poliziak ez zuen salaketa onartu nahi igandea zelako. Banan-bana entzun gintuzten eta prokuradoreari gutun bat idazteko aholkua eman ziguten, ondotik salaketa aurkezteko”. Bere iritziz jarrera hori “axolagabea” da eta “injustizia sentimendu handia” eragin izan dio. Beren etxeetara itzuli bezain fite, Kathleenek eta Anastasiak salaketa jarri zuten komisariatan. Azkenean, zortzi hilabete berantago, 2019ko urtarrilaren 30ean, Anastasiak Boulogne-sur-Merreko auzi zibilen auzitegitik erantzun bat ukan zuen.

Gertaera “lan/diskriminazio askatasunerako traba” gisa izendatzen du auzitegiaren gutunak. Anastasiak deitoratu duenez, sexu-jazarpenaren aipamena erabat desagertu da. Ondoriorik gabeko salaketa gisa izendatzen da, legeak ez dituelako salaturiko gertaerak zigortzen. Gisa horretako erantzuna jasota, biktima “guztiz nahigabeturik”, “nahasturik” eta “aho bete hortz” gelditu da.

2019ko ikastaldia ez egiteko helburuz

2018ko uztailaren 22an Baionako prokuradoreari igorritako gutunean, irakasleen taldeak zioen Elizbarrutiko Etxeak Dumas “inpunitatez jarduten den bitartean geldituko ez den harrapari” gisa deskribatu zuela. Haatik, karguan bere aurretik izandakoak “profesional handia” dela erran du, “inguratzen duten jendeengandik oso hurbilekoa” eta nehoiz ez zuela jarrera desegokirik sumatu.

“Zirtzila, iruzurgilea edo sexu eria banaiz, 2018ra arte ez nuen sumatu. Ez, nire jarrera ez da aldatu, betikoa da, betirako”, dio Dumasek oihu artean. “Oraingoz errugabea naiz” eta frogak galdegin ditu, justiziaren disposiziora dagoela baieztatuz.  

Salaketa jarri dutenen helburuetako bat bada Jean-Claude Dumasen hamabigarren ikastaldia bertan behera gelditzea. Anartean, Elizbarrutiko Etxean ganbarak erreserbatuak dira eta ikastaldiaren antolatzailearekin harremanak mantendu egiten dira, bere kontrako akusazioak frogatzen ez diren bitartean. Baionako kontserbatorioko administrazio publikoaren presidente den Bruno Carrèrek MEDIABASKi adierazi dio musika-eskolako lokalak uzteko hitzarmena oraino ez dela izenpetu.